Zeintzuk dira 2022ko albiste ikusienak 'Goiena.eus'-en?

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko abe. 31a, 08:11

Urte honetan zehar ikustaldi gehien izan dituzten albisteak daude zerrendatuta artikulu honetan. Goiena.eus-en gehien irakurri diren hamar albisteekin batera, herriz herri ikusienak izan diren bost albiste ere jasota daude jarraian.

Urteari errepasoa egiteko modu bat da ikusienen zerrenda, eta hala jaso du Goienak azken urteotan (2017, 2018, 2019, 2020, 2021). Horrekin batera, etxez etxe atzo banatu zen 2022ko urtekaria ere argitaratu du Goienak.

Sareko albisteen laburpenarekin hasteko, lehenik webguneko hamar albiste klikatuenak azaltzen dira, eta ostean herrikako bost ikusienak.

Hamar albiste ikusienak 'Goiena.eus'-en

1. albistea

Jendetza batu da lehen entzierroan eta horrek pilaketa eragin du

2022-06-24

Gazte asko gerturatu ziren zezen plazako sarrerara sanjuanetako lehen entzierro egunean, bigantxak iritsi aurretik sartzeko asmoarekin. Sartzen hasi zirenean hainbat pertsona jausi egin ziren eta ez atzera eta ez aurrera geratu pilaketak eraginez. Gainera, bigantxak heldu ziren segituan, eta pilatutakoen gainetik pasatzen saiatu ziren tentsio momentuak eraginez.

2. albistea

Gazte bat atxilotu dute Bergaran, kontroletik ihes egin eta istripua eragiteagatik

2022-10-08 

Ertzaintzak Elorregin jarri zuen kontroletik ihes egin zuen 20 urteko gidari batek. Ertzaintzak jarraipena egin zion, eta, Bergarako Ibargarai kalean, gidariak ertzainen patruila-autoa kolpatu zuen. Ondorioz, ibilgailua erreka ertzera erori zen, kontrola galduta.

3. albistea

Manu Arregi oñatiar astronomo eta irakaslea zendu da

2022-10-09

Manu Arregi astronomoa hil zen ezustean urrian, 54 urterekin. Irakaslea zen Bergaran; baita fisikaria ere. Horrez gain, beste hainbat ekimen sustatzen ere ibiltzen zen; batik bat, astronomiari lotutakoak.

4. albistea

Danel Goikolea euskalgintzako eragileari azken agurra

2022-01-18

Urtarrilaren 15ean hil zen Danel Goikolea artista, euskaltzale, bertsolari eta sindikalista arrasatearra, 52 urte zituela. Urtarrilaren 18an egin zioten azken agurra, Arrasateko Aldai parkean. Goikoleak bere maisu Xanti Iparragirreri eskaini zion azken bertso publikoa, urtarrilaren 4an.

5. albistea

43 urteko gizonezko bat hilik agertu da Arrasateko Seber Altube plazan

2022-11-05

Azaroaren 5ean, 43 urteko gizonezko bat hilda agertu zen, Seber Altube plazan. Ertzaintzak adierazi zuenez, larrialdi zerbitzuek 05:50ean jaso zuten deia, pertsona bat ondoezik zegoela esanez; osasun langileak minutu gutxira agertu arren ezin izan zuten ezer egin gizonezkoa suspertzeko. Ertzaintzak ez zuen biolentzia zantzurik aurkitu.

6. albistea

Urbiako fonda San Inazio egunean zabalik egongo da

2022-07-18

Hainbat astez itxita egon ostean, Partzuergoak uztailaren 18an jakinarazi zuen San Inazio egunerako berriz irekiko zutela Urbiako fonda maizter berriekin. Elgetako Peio Bilbaok eta Naiara Romatetek hartu zuten oñatiarren erreleboa.

7. albistea

Maritxu Kajoi arratsaldeak emandakoa, argazkitan

2022-10-07

Beste urte batez, dotore jantzita gerturatu ziren arrasatearrak Goienaren photocall-era. Eguraldia lagun izan zuten aurtengoan, eta jende ugari batu zen Herriko Plazan, goizean zein arratsaldean.

8. albistea

Oñatiarren udako argazkiak

2022-08-01

Goienaren 18. Udako Argazkien lehiaketako galerien artean interes handiena oñatiarren argazkiek piztu zuten, bergararrek edo arrasatearrek baino argazki gutxiago bidali bazuten ere.

9. albistea

Pello Zabala hil da, 78 urterekin

2022-02-02

Otsailaren 2an zendu zen Pello Zabala amezketarra, hamarkada luzez Arantzazuko Santutegian bizi izan zen frantziskotarra. Idazle, esatari, musikari, eguraldi iragarle... hainbat esparrutan aritu zen Zabala dibulgatzaile lanetan. Tartean, Goienako kolaboratzaile ere izan zen urte luzez. Ohorezko euskaltzaina ere bazen.

10. albistea

Zenbait ezbehar izan dira Eskoriatzako Rallysprintean

2022-07-16

Atzerapenak egon ziren Eskoriatzan uztailean ospatutako Rallysprintean, ibilbidean zehar izandako istripuengatik. Ezbehar gogorrena Monika Muñoz eta Naia Lasagabaster ama-alaba oñatiarrek izan zuten, baina gehiago ere egon ziren ordu luzez iraun zuen lasterketan.

 

Albiste ikusienak herriz herri

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak