Bi gizon erreskatatu dituzte Mendiola auzoan, mendialdean, auto bat maldan behera erori ostean

Josu Bilbao Atxutegi 2022ko uzt. 9a, 12:55

Suhiltzaileek eta ertzainek, helikopteroz, erreskatatu behar izan dituzte 4x4 autoan harrapatuta gelditu diren bi anaiak. Autoa mendiko errepidetik irten eta toki malkartsu baten gelditu da, bi zuhaitzen artean harrapatuta. Zauritutakoak, Mendiola auzoko 76 eta 82 urteko gizonak, Donostiako ospitalera eraman dituzte.

Zapatu goizean gertatu da istripua, 11:30 aldera, Eskoriatzako Mendiola auzoan, Kurtzeberriren magalean. Auzolanean mendiko bideak garbitzeko lanean elkartu dira Mendiola auzoko hainbat lagun, tartean istripua izan duten Olabena baserriko anaiak (76 eta 83 urte). Auzolana bukatu ostean, Elizabarritik behera zihoazela 4x4 autoan, kontrola galdu, eta istripua izan dute. Autoa bi pagoren artean erdi zintzilik gelditu da, eta mendian zihoazen Arrasateko eta Gasteizko bi gaztek ikusi dute aurrena. Abisua eman eta gidariari irteten lagundu diote, baina kopilotua ateratzeko zailtasunak izan dituzte.

Orduan heldu dira suhiltzaileak eta erreskate taldeko ertzainak, eta lehen zauritua Eskoriatzatik, helikopteroz, Arrasateko Arruena parkera eraman dute 12:30 aldera. Bertan, anbulantziak artatu du zauritutako gizona. Jarraian, Ertzaintzako erreskateko kideak, bigarren lagunaren bila joan dira, helikopteroz. Ia bi ordu ostean autotik ateratzea lortu dute, garabi batekin ibilgailua egonkortzen ibili ostean. Mendialdetik jaitsi egin dute helikopteroz, 13:00ak bueltan, eta ondoren anbulantzian eraman dute Donostiako ospitalera.

Uriaga baserria da istripua gertatu den tokitik gertuen dagoen etxebizitza, eta bertako lagunek GOIENAri azaldu diote suhiltzaileen bost ibilgailu eta beste hainbat erreskaterako profesional aritu direla Mendiola auzoko bi gizonak erreskatatzen. "Aretxabaletatik helikopteroa gure baserri inguruan ikusi dugu, eta larritu egin gara. Baserrira etorri garenean erreskaterako talde handia zegoen gure baserri inguruan", azaldu dute.

Istripuarekin topo egin duten Gasteizko eta Arrasateko bi mendizalek, erreskatea "luzea" izan dela azaldu dute: "Heldu garenean gidaria autotik irteten saiatzen zebilen, eta atera egin dugu hiru lagunen artean. Baina bere anaia ateratzeko oso zail zegoen egoera. Suhiltzaileen hiru autotan eta helikopteroz etorri da erreskaterako lantaldea. Ia bi ordu egon dira, autoak maldan behera joateko arriskua zuelako".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak