Gaur arratsaldean heldu da Goienako erredakziora berria: Pello Zabala hil da. 1943ko ekainaren 2an jaioa, 78 urterekin zendu da fraide frantziskotarra, 17:00ak bueltan. Jaiotzaz amezketarra izan arren, azken hamarkadetan Arantzazuko Santutegiarekin lotu izan da Zabala. Bertatik aritzen zen dibulgazio lanean.
Hainbat urtez Euskadi Irratiko esatari gisa aritua, musika programak gidatuz egin zituen hastapenak. Azken urteetan, baina, eguraldi iragarle lanetan aritu da gehien. Bide tradizionalak eta tenporak hartzen zituen kontuan frantziskotarrak, eta azken agurrera arte kolaboratzaile jardunean segi du zapatu goizetako Landaberri programan. Urteetan aritu da Goienako kolaboratzaile lanetan ere, eguraldi iragarpenak eginez Goiena Telebistarako.
Hileta eguenean
Goienak jakin duenez, Arrasateko Ospitalean hil da Zabala. Eguen arratsaldean egingo da hileta elizkizuna, Arantzazuko Santutegian bertan. 17:00etan hasiko da azken agurra.
Frantziskotarrak, "triste"
Arantzazuko Frantziskotarren buru den Joxe Mari Arregik "minduta eta triste" daudela azaldu du: "Hutsune handia izango da. Bizitzarako gozoa zen, asko zekien, asko irakurritakoa zen, ezaguna, oso herrikoia... Berak ematen zituen gure albisteak telebistan eta irratian. Eta organista ere bazen: igandero-igandero hutsik egin gabe aritu da; organista ona zen, gainera".
Arregik azaldu du COVID-19 gaitzak arindu duela Zabalaren heriotza, baina aurretik zituen osasun arazoak izan direla heriotzaren benetako arrazoia: "Hondatuta zituen birikak eta giltzurrunak eta gaitz honek airean eraman du". Halere, gehitu du "bat-bateko kontua" izan dela: "Medikuak goizean esan du proba batzuk egin behar zizkiotela, eta emaitzak txarrak izanez gero ez zuela gaitza mendean hartuko. Bagenekien ez zegoela ondo, baina ez genuen espero dena hain azkar pasatzea".
Arantzazun 23tik 20 frantziskotarrek pasatu dute koronabirusa, baina Arregi probintzialaren esanetan, Zabala izan da larri egon den bakarra: "Gainerakook aparteko sintomarik gabe igaro dugu gaitza".
"Maisua", kazetari eta naturazaleentzat
Andoni Aizpuru kazetari eta telebistako aurkezleak ere "albiste gogorra" izan dela adierazi du: "Euskal Herriak euskaltzale porrokatua eta naturazalea galdu du. Naturari begiratzen erakutsi zidan. Izugarri miresten nuen".
Zabalarekin lan egiteko "aukera ugari" izan zituela gehitu du Aizpuruk, eta "maisua" izan dela berarentzat eta alor horretako beste hainbesterentzat. "Euskal Telebistan ia 30 urte egin behar ditut, eta hasieran bera zen gure erreferentea; eguraldiaz eta euskaraz aritzen zen ia bakarra", zehaztu du. Joxe Mari Arregik bezala, Zabalaren jakinduria ere goraipatu du aurkezleak: "Oso jakintsua zen, eta ez eguraldi gaietan bakarrik: asko zekien gauza askoren inguruan". Gainera "oso aldarte onekoa" zela eta "beti irribarrez eta laguntzeko prest" egoten zela oroitu du Aizpuruk. "Beti gogoratuko dut bere irribarre hori", gaineratu du.
Erreakzioak, berehala
Goiena Komunikazio Taldeak ere bere samina adierazi eta omendu nahi izan du oroigarri batekin. Albistea jaso berri, hainbat izan dira sare sozialetan bere izena eta izana goratu nahi izan dituztenak. Hona zenbait adibide.
Tristura galanta sentitu dut utzi gaituzula jakin dudanean, Pello. Askotariko alorretan jakintsu, batetik bestera ibilia.
— Izaro Elorza Arregi (@ElorzaIzaro) February 2, 2022
Beti izango zaitugu gogoan. Oroitzen naiz zeure irudiaz: Arantzazu aldean ibilian, liburua eskuetan.
Besarkada bat frantziskotarrei, lagun eta senideei. pic.twitter.com/HaFpBvl11F
Guztiongandik ezaguna eta maitatua. Eguraldiaren sekretuen dibulgatzaile eta euskararen erreferente handia. Herriaren alde etengabe lan egin duen frantziskotar ona. Arantzazun eta Euskal Herrian hutsune handia utzi duzu Peio, baina beti izango zaitugu gogoan. Goian bego. https://t.co/mpalNKhfmm
— Markel Olano Arrese (@MarkelOlano) February 2, 2022
Galera handia Euskal Herrirako, Gipuzkoarako, Debagoienerako, eta bereziki, Arantzazurako.@goiena telebistan eta goiena.eus-en egunero-egunero ere izan genuen eguraldiaz berbetan. Pertsona ona eta fina. #Goianbego. https://t.co/xkIiuICtbD
— Iban Arantzabal (@iarantzabal) February 2, 2022
Udazkendua hintzen, baina ez genian asko uste beste udaberririk harrapatuko ez huenik. Eskerrik asko naturaz, musikaz eta bizitzaz erakutsi diguan guztiagatik, ez haugu ahantziko. Bide on, Pello. #pellozabala pic.twitter.com/tFefGaRQSF
— Xabier Euzkitze (@XabierEuzkitze) February 2, 2022
Pello, zure ze oroitzapen eder gordeko doten. Ze maitasun ta ze gozotasun eukizun niretzat beti. Uda honetan Arantzazun Obabakoak berrirakurten zu, lanien gu. Eguzkia ezkutatzen ta zu esaten ikusten nozunien harro zauzela nitaz. Eta besarkada erraldoia agurtzeko. Milesker❤️
— ilaski serrano (@MeriLing1) February 2, 2022
Pello Zabala hil dela dioskue
— martin garitano (@martin_garitano) February 2, 2022
Eta nik ezin sinetsi, aizue!
Euskal arima ta duintasunaren erakusle
Arantzazutik Euskal Herriko zeruaren begirale
Hala ba da, egon lasai gure izar zaharrean
Amezketar on
Benetazko, bihotzeko euskaltzale.
Egun handirarte, Pello
Geuria lortu arte
Irrifartsu eutsiko diogu albiste mingotsari. Ez adiorik Pello Zabala...eta tenporak esplikatuko dizkiegu ondorengoei pic.twitter.com/HCGRD8Pfia
— Arritxu Iribar (@IribarArritxu) February 2, 2022
#PelloZabala pic.twitter.com/mloL6LbrWw
— Unai Gaztelumendi (@ugaztelu) February 2, 2022
Pello Zabala zendu da eta gogora datozkit bere gogoeta sakon eta zintzoak. Euskal idazle, irrati aurkezle, musikazale eta metereologo frantziskotarrak,ikutu zituen arlo guztietan gizatasunez aritu zen,eta hori guztia goraipatuz agurtzen dugu gaur. Eskerrik asko Pello.
— Denis Itxaso (@DenisItxaso) February 2, 2022
Goian bego. pic.twitter.com/WTrfBiw7UD
Isil-isilik joan zara, Pello. Arantzazutik zaindu gaituzu, maitasuna eman diguzu eta eguraldia satelite bidez ikus daitekeen zerbait baino gehiago dela erakutsi diguzu. Min ematen du joan egin zarela sinetsi beharrak. Arantzazura noanero aurkituko dut zurekin egoteko modua.
— Onintza Enbeita Maguregi (@onintzaenbeita) February 2, 2022
Lurra arina izan dakizula, Kontseiluaren bidelaguna! #PelloZabala pic.twitter.com/hqJR6SDDZC
— Euskalgintzaren Kontseilua (@kontseilua) February 2, 2022