Manu Arregi astronomoa hil da 54 urterekin ezustean. Irakaslea zen Bergaran; baita fisikaria ere. Horrez gain, beste hainbat ekimen sustatzen ere ibiltzen zen; batik bat, astronomiari lotutakoak.
Ilatargi Astronomia Elkartea sortzeko prozesua abiatu zuen 2006an; "talde polita" eratu zen, Arregiren hitzetan. Oñatiarrak egitasmo berriak egiteko ideiak izaten zituen: hitzaldiak edota behaketak, besteak beste.
Ikastetxean ere, ez zen geldirik egotekoa. Gogoratzekoa da, 2009an, lurraren perimetroa neurtu zutela Aranzadiko jolastokitik. Erastotenesek duela 2.200 urte erabilitako metodoarekin egin zuten, hain zuzen ere.
Kolaboratzaile lanetan ere aritzen zen, eta Goienan bazuen bere atala, astronomiaren inguruan jarduteko. Horrez gain, 2010ean, NASAk bere argazki bat elkarbanatu zuen. Venus eta Merkurio agertzen dira oñatiarraren erretratuan.