Aranzadiko patiotik lurraren perimetroa neurtzen

Irati Agirreazaldegi 2009ko mar. 26a, 16:21

Espainiar Estatuko 800 eskolatan astronomiaren urtearen aitzakian proba berezia egin dute eguerdian: Erastotenesek orain dela 2.200 urte erabilitako metodoarekin lurraren perimetroa neurtzea. Esperimentu honekin bat egin du Bergarako Aranzadi ikastetxeak.

"Espainian martxoaren 26an ikastetxe askoren artean lurraren perimetroa neurtu dugu. Astronomiaren urtearen antolakuntzatik jaso genuen honen berri eta probarekin bat egitea pentsatu genuen", azaldu digu Manu Arregi irakasleak.

Horrela azaldu digu Erastotenesen neurketaren berri Manu Arregik: "Erastotenes Alejandrian bizi zen, Egipton eta irakurri zuen Siena hirian ekainaren 21ean eguzkiak ez zuela itzalik egiten. Alejandrian itzala zegoela ikusi zuen. Horrek esan nahi du lurra borobila dela eta itzalaren neurria jakinda atera daiteke zein neurritan dagoen kurbatuta lurra eta Alejandria eta Siena arteko distantzia neurtuta hiruko erregela eginez lurraren perimetroa jakin daiteke".

Erastotenesen neurketa ardatz hartu eta Aranzadiko patioan neurketa egiteko zabor biltzaile bat eta errotulagailuak erabili dituzte. "Eguaztenean meridianoak kalkulatzen ibili ziren ikasleak, leku zehatz bateko ipar-hego marra. Eguenean neurtu zuten itzala,  zabor biltzekoaren makilaren altuera eta trigonometriarekin angelua kalkulatu".

Murtziako Mula herriarekin harremana

Espainian ikastetxe asko direnez, neurketa  sinplea erabili dutela esan digu Arregik: "neurria hartu eta paralelo zehatz batera distantzia neurtu eta jasotako datu guztien artean kalkulatuta emaitza irtengo da". Bergarakoek, apur bat zehatzagoa egin nahi izan dute neurketa. "Murtziako Mula herriarekin harremanetan jarri gara datuak elkartrukatuz. Eguzkia ekialdetik irten eta mendebaldetik sartzen da eta eguerdian hartzen du altuerarik handiena; eguzkiaren eguerdia 13:15 inguruan da; hortaz, altuera neurtu dugu hemen eta Murtzian eta eurak gorago daudenez angelua handiagoa da; hori da Bergara eta Mula arteko angelua. Jakinda bi herrien arteko distantzia hiruko erregela bidez jakin daiteke lurraren perimetroa eta hortik erradioa" azaldu digu Arregik.

Datuak zentralera bidali eta biharko emaitza ateratzekoak dira. "Kalkulua ondo eginez gero 40.000kilometroko perimetroa izan behar da. Zentraleko emaitza gurea baino zehatzagoa izan beharko litzateke, baina espero dugu gerturatzea. Murtziako eskolarekin harremanetan ipini bagara izan da ahalik eta ondoen jarraitzeko bere prozedura", dio Arregik.

Neurketa guztien ondoren, badakigu dagoeneko Aranzadi Ikastolako ikasleek zein emaitza atera duten. Euren neurketen arabera, lurraren perimetroak 41.184 kilometro ditu, nahiz eta errealitatean 40.074 kilometro dituen. Euren emaitzaren errore-marjina, beraz, %2,9koa izan da. Manu Arregi irakasle eta astronomoa oso pozik agertu da; "ez nuen uste horren errore-marjin txikia aterako zitzaigunik. Oso pozik nago ateratako emaitzarekin". Perimetroa aterata, lurraren erradioa 6.555 kilometrokoa dela atera zaie Aranzadikoei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak