Ibai Larrea, munduko txapeldunorde gazte mailan

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko uzt. 24a, 15:33

Ibai Larrea, ezkerretik hasita lehena, irabazlearekin eta hirugarren sailkatuarekin.

Mendi lasterketen gazte mailako Munduko Txapelketa jokatu dute gaur Andorran (Arinsal, Vallnord), eta Ibai Larrea antzuolarra bigarren sailkatu da B kategorian (20 urtez azpikoak). 19 kilometro eta 1.450 metroko desnibela zeukan proba bukatzeko bi ordu inguru behar izan ditu (1:59:12.89).

23 urtez azpikoak ere proba berean lehiatu dira eta sailkapen orokorrean laugarren egin du Larreak. Edozelan ere, bere kategorian, 20 urtez azpikoetan, bigarren denborarik onena egin du (1:59:12.89). Iu Jaume Ametller kataluniarra izan da garailea (1:56:20.14) eta hirugarren, berriz, Raoul Raus belgikarra sailkatu da (1:59:48.33). Sailkapena osorik, hemen.

Aurreikuspen eta helburu jakin barik irten da antzuolarra, ez baitzituen aurkariak ezagutzen. "Lasai hasi naiz, indarrak neurtzen eta nire erritmora. Hala ere, igoeran, geroz eta hobeto sentitzen hasi naiz, eta lehenengo postuetara gerturatzen", adierazi du. Hala, mendizerran eta beherakoan hainbat postu aurreratu ditu, baina ezin izan da lehen hiru lasterkariengana hurbildu. "Ikusi ere ez ditut egin".

Hala ere, laugarren bukatu du proba eta bere kategorian, bigarren. "Oso pozik nago lortutakoarekin. Egia esan, ez nuen espero". Gaur Espainiako selekzioarekin aritu da antzuolarra eta datorren astean beste lasterketa bat du inguru haietan, Euskal selekzioarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak