Lasterketako irabazle Aitor Zunzunegi harrituta geratu da Ikazkin Traileko ibilbidearekin: "Egia esan inguru hauetara ez gara asko etortzen, eta benetan, harrituta geratu naiz ibilbidearekin. Kurtzebarriko igoera, goiko belardiak, Degurixa inguruak... Ez nituen ezagutzen eta bistan dago gehiagotan etorri beharko garela", adierazi dio GOIENAri.
Emakumezkoetan, berriz, azken ordura arte zalantzan egon den Ainara Urrutiak ez du kontrariorik izan: "Etxeko lasterketa izanda, eta lehenengo edizioa, babesa ematera etorri naiz. Berez atseden hartzea tokatzen zitzaidan baina azken orduan animatu egin naiz, eta ederra izan da. Etxean lehiatzea beti da berezia". Izan ere, Euskal Selekzioko mendi lasterkariak egutegia bete-beteta dauka, eta maila oso onean dabil, gainera. Urrutia Munduko Kopako probetan buru-belarri dabil, laugarrena izan zen Mathensys-eko (Frantzia) lasterketan, 7.a Mattherhorn-en (Suitza) eta joan den astean, Louzango (Portugal) lasterketan bigarren sailkatu zen –azken esprintean gainditu zuen Noemie Vachon frantziarrak–. Eta gaur, Ikazkin Trail etxeko lasterketako lehenengo edizioa irabazi du.
Nabarmentzekoa izan da, baita ere, beste aretxabaletar baten lasterketa, Igor Olalde bigarren sailkatu da-eta, irabazlearengandik lau minutu eta erdira (1.56.16). Eta, gizonezkoen podiuma osatu du Aguraingo Jon Vegas-ek.
Emakumezkoetan bi aretxabaletar podiumean
Emakumezkoetan, Urrutiarekin batera beste aretxabaletar bat ere podiumera igo da, Garazi Abasolok hirugarren denbora onena egin duelako (2.25.03). Eta tartean, bigarren postuan, sailkatu da Oriotik etorritako Sara Peña (2.14.32).
Hala, antolaketa lanetan ibili den Dorleta Ezeizak adierazi du oso pozik geratu direla lehenengo edizioak emandakoarekin: "Oraindik korrikalariak helmugaratzen ari dira, oso pozik gaude inork minik hartu ez duelako, korrikalariek esan digutelako ibilbidea asko gustatu zaiela, markaketa ondo zegoela, baita anoa postuak ere... Gu pozik geratu gara eta zuzenketak apuntatzen ibili gara datorren urtean gauzak oraindik hobeto egin ahal izateko. Izan ere, nekatuta amaitu dugu denok, baina herrian sortutako giroa ederra izan da eta datorren urtean ere lasterketa antolatzeko asmoa dugu".
Harmailatik saioan, tarte berezia
Astelehenean, Harmailatik saioak tarte berezia eskainiko dio Ikazkin Trail lasterketak eman duenari, irudi eta adierazpenekin (21:30, Goiena telebista).
Sailkapenak gizonezkoak:
- Aitor Zunzunegi. Legorreta. (1.51.43)
- Igor Olalde. Aretxabaleta. (1.56.16)
- Jon Vegas. Agurain. (1.56.49)
- Jon Lasa. Oñati. (1.56.55)
- Iñigo Arantzamendi. Ondarroa. (1.58.47)
Sailkapenak emakumezkoak:
- Ainara Urrutia. Aretxabaleta. (2.06.03)
- Sara Peña. Ondarroa. (2.14.32)
- Garazi Abasolo. Aretxabaleta. (2.25.03)
- Leire Olazabal. Deba. (2.31.53)
- Mari sanchez. Bergara. (2.40.19)
Sailkapena, osorik, hemen.