Biharkoa oso egun berezia izango da Elgetan. Punk-oi! doinuak izango dira nagusi, eta ez edonolako ekitaldian, gainera. Hamar ordutik gorako jaialdia dago aurreikusita, eta dozena bat talderen parte-hartzea dago baieztatuta. Ikusleak, berriz, 1.800 inguru izango dira. Hala, heldu da Josu Azkarate Alberdiren omenez gertukoek zein musika munduko lagunek antolatutako jaialdia ospatzeko eguna.
2021eko urrian joan zen Josu Ostiada, auto-istripuan, 40 urte zituela. Elgetako Ostiada Oi! taldeko baxu-jotzailea, Porron & Kuentanueba taldean ere aritutakoa zen, eta harreman estua zuen inguruko talde asko eta askorekin. Berehala sortu zen omenaldi jaialdi bat egiteko ideia, eta asko izan dira bertan parte hartu nahi izan duten lagunak eta musikariak. Herrian ere lantalde indartsua sortu da, eta elgetar ugari gehitu dira jaialdian laguntzeko prest.
Lehengo eta oraingo taldeak
Modu batean edo bestean Azkaraterekin ibilitako taldeekin osatu dute kartela antolatzaileek. Jardunean dauden talde askok joko dute bihar Elgetan: hain zuzen, Sindy Berbenas, Kaleko Urdangak, Neallta Fola, Des-kontrol, Arkada Social eta Bergarako Ekiñez jaialdirako elkartu zen Jonny Gerriwelt. Gainerakoak omenaldi ekitaldirako propio elkartu eta prestatu dira. Horietako asko, gainera, 2008an Bardulia Records diskoetxearen zigilupean argitaratutako Bardulia Sound bilduman parte hartutakoak dira –The Fridays Crew, Hell Beer Boys, Neallta Fola, Ostiada Oi!, Porron y Kuentanueba–.
Talde bakoitzak 40 minutuko kontzertua egingo du eta 20 minutuko tartea dago aurreikusita eszenatokian instrumentu aldaketak egiteko.
Antolatzaileek jakinarazi dute Pagatza industrialdean egongo dela ibilgailuak aparkatzeko eremua. Jakinarazi dute baita ere sarrerak agortuta daudela. Herritarren aldetik jasotako laguntza ere handia izan dela azaldu dute. Boluntario askok eman dute izena, eta txandak eginda daudela jakinarazi dute.
Kontzertu-gunea, kantxan
Eszenatokia kantxan dago eta kontzertu eremuak bi sarrera eta irteera bat izango ditu. Barruan, hiru barra eta edariak eskatzeko txartel-salmenta postu bi egongo dira. Hamar komun, segurtasun postua eta Puntu Morea ere izango dira bertan.
Berezia arrazoi askorengatik
Lehenengo eta behin, Azkarateren omenez antolatua izan den jaialdia delako, eta ondotik, aspaldi oholtza gainera igo gabeko talde asko izango direlako zuzenekoa egiten. Jarraitzaile zein nostalgikoendako benetako oparia. Eta zer esan Elgetako Ostiada Oi! taldearen emanaldiari buruz... Urte askoren buruan, 2020ko otsailean Elgetan egindako Mendi Mendia Racing egunerako elkartu ziren. Bihar, Azkarate gogoan, oholtza gainean izango dira berriz. Jaialdiari amaiera emango dion taldea izango da.
Kontzertuak
• 15:00 Material Rechazado.
• 16:00 Never Surrender.
• 17:00 Des-kontrol+Arkada Social.
• 18:00 Sindy Berbenas.
• 19:00 Jonny Gerriwelt.
• 20:00 Hell Beer Boys.
• 21:00 Fridays Crew.
• 22:00 Porron & Kuentanueba.
• 23:00 Neallta Fola.
• 00:00 Kaleko Urdangak.
• 01:00 Ostiada Oi!