"Penaz uzten dugu Urbiako Fonda"

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko eka. 3a, 10:52

Behin betiko agurra baieztatuta, 1999tik mendiko ostatu ezaguna kudeatu duen lantaldeak Goienara igorri du despedida-oharra. "Atzera begiratzean, esker oneko hitzak besterik ez ditugu", adierazi dute. Maizter berri bila hasi da Partzuergoa.

Arduradunek ezustean eman zuten berria duela hilabete pasatxo, "abisu berrira arte" Fonda itxita egongo zela. Ordutik, kezka eta ostatuaren etorkizunarekiko jakin-mina izan da paraje hura bisitatu eta Fondan geldialdia egiteko ohitura zutenen artean –jende asko eta asko–. Astean iritsi da Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoaren baieztapena, "egungo Urbiako Fondaren arduradunek, behin betiko, Fondaren kudeaketa uztea erabaki dutela".

Fondakoen oharra

Partzuergoak berria emanda, Goienarekin jarri da harremanetan bi hamarkada luzeotan Urbiako Fonda kudeatu duen lantaldea, eta agurreko oharra helarazi dio. "1999ko urtarrilean etorri ginen Fondara, ilusio handiarekin eta esperientzia txikiarekin. Hasierako garai haiek ez ziren errazak izan, baina, etxekoen laguntza ikaragarriari esker, aurrera egin genuen"; horrela dio oharraren hasierak.

"Lehen urte hartako Fondak eta gaur egun dagoenak ez daukate antz handirik", jarraitzen du, "aldaketak eta hobekuntzak egin dira, beti zerbitzu hobea eskaintzeko asmotan". 

Esker on hitzak dituzte Oñatiko Altube eta Altzelai sendietako kideek: "Denbora honetan guztian hamaika komeria bizi izan ditugu, liburu bat idazteko lain, baina atzera begiratzean esker oneko hitzak besterik ez ditugu. Esker ona zor diogu proiektu hau martxan jarri eta mantentzen lagundu digun jende guztiari, familiari, tarte luzez edo aldi baterako gurekin batera lan egin duten guztiei, eta, nola ez, Fondaren erabiltzaile izan diren bezero guztiei".

Ostatuaren orain arteko maizterrek dioten bezala, "Euskal Herri osotik" etorri izan da jendea Urbiara: "Asko eta asko, etorriaren etorriaz, ohiko bisitari bihurtu dira, aurpegi ezagunak, lagunak. Izan ere, Aizkorriko mendizerrak inguruko herri eta bailarak bereizten baditu ere, era berean, leku horietako jendea batzen du, mendizale gisa bertaratzen denean, eta hori da, azken finean, Fonda, elkartzeko leku bat, atseden hartu eta indarrak berreskuratzeko".

Eta honela amaitzen da Fondakoen oharra: "Zerbitzu hori emateko ahaleginean saiatu gara urte hauetan, eta, orain, gure zikloari amaiera ematea erabaki dugu, eta beste batzuei lekukoa ematea. Ez dugu inor engainatu nahi, ez da lan erreza, lan soila baino gehiago dela ere esango genuke, baina baditu bere alderdi onak. Penaz uzten dugu Urbiako Fonda, ez izan dudarik, baina ziur gara etorriko dela jarraipena emango dion jende gogotsua. Beste barik, eskerrik asko denoi, Urbian ikusiko dugu gero ere elkar".

Maizter berri bila

Egungo maizterren agurra iragarrita, berriak bilatzeari ekin dio Urbiako Fondaren –besteak beste– ardura duen Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak. Eguaztenean plazaratutako oharrean jakinarazi zuten ostatuaren kudeaketarekin jarraitzeko interesa luketenek Segurako Udalera jo behar dutela, telefonoz edo posta elektronikoz: 943-80 10 06 eta udala@segura.eus.

Urbiako Fonda 1925eko abuztuaren 30ean zabaldu zuten. Ia mende bateko historian zenbait jabe eta maizter izan ditu. Partzuergoarena sorreraz, 1997an berreskuratu zuen jabetza –saldu egin baitzuten 36ko Gerraren ostean–. Orain arteko maizterrak 1999an sartu ziren Fondan, 50 urterako emakida bi urte lehenagotik martxan zela; emakidaren erdia falta da oraindik. Besteren batek eman beharko dio jarraipena. Hala bedi.

Erlazionatuak

2013an Urbiako Fondakoekin grabatutako erreportajea

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022 eka 03 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak