Aramaioko Nardeaga kalean lan-istripu bat gertatu da gaur goizean. Goizeko 11:15ak inguruan, etxe bateko fatxadan lanean zebilen behargin bat erori da. Segurtasun Sailak Goienari jakinarazi dionez, bi anbulantzia bertaratu dira, eta larrialdi zerbitzuak lekuan bertan aritu dira zaurituta zegoen behargina artatzen ia ordubetez. Osasun egoera egonkortzea lortu dutenean, Gasteizko Santiago ospitalera eraman dute.
Albistea jaso ahalaz bat bertaratu dira Goienako langileak gertaeraren tokira, eta jakin dutenez, gizonezko oñatiar bat da zauritua. Lekukoen esanetan, eskailera batera igota bigarren pisu batean lanean ari zela erori da. Larri dago behargina, buruan kolpe handia hartuta.