Ganaduzaleek plantoa iragarri dute, eta domekako Ferixa Nagusian ez da ganadu azokarik izango

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko eka. 29a, 14:20

Idiak 2019ko azokan, Elgetako jaietan.

Hazienda eta guzti zegoen iragarrita Ferixa Nagusiko jaietako azoka, baina azken orduko albistea da ganaduzaleek protesta ekitaldia egingo dutela. Ziurtatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak gero eta traba handiagoak jartzen dizkiela, eta erabaki dute ez dela Elgetako azokan batere ganadurik izango.

Ferixa eguna izango da domeka Elgetan. Ganaduzaleen protesta ekitaldiarekin egingo dela baieztatu du gaur Elgetako ganaduzale eta ganadu feria egituratzeaz arduratzen den Agustin Beretxinagak. "Urteak dira Aldundiak gero eta traba gehiago jartzen dizkigula. Makina bat lan egin ostean duela hilabete bidali genituen paperak. Azoka egiteko lau egunen faltan ez dugu oraindik erantzun irmorik jaso. Mareatu gaituzte hainbat izapiderekin, eta galdetu dugulako jakin dugu 34 idi paretik hamabi bakarrik daudela baimenduta. Ez dakit noiz pentsatzen zuten esatea. Gu ez goaz erdipurdiko azoka egitera", azaldu du.

Gehiago esan du ganaduzale elgetarrak: "Ez dugu zuloak tapatzen ibili nahi. Bisitariek, gainera, pentsa dezakete antolatzaileek egin dutela erdipurdiko azoka. Bergaran ere arazo berdinarekin ibili zirela jakin dugu. Hau orokorra da, eta jendeak jakin behar du zer gertatzen den. Ez badute ganadu azokarik nahi esan dezatela argi eta garbi. Azokako muntaketa guztia egingo dugu Berraondokoan, baina ez da batere haziendarik egongo. Animalien ordez argazkiak egongo dira".

Elgetako Udalak antolatzen du feria eta jarduneko alkate Ane Bilboak ezjakintasun egoeraren berri eman du: "Azken urteetan nahiko arazo ditugu. Foru Aldunditik eduki ditugun baimen arazoekin, eta egiten diren exijentziekin ez dakigu zer gertatuko den".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak