Dagoeneko hiru urte igaro dira azkenengo feria egin zenetik. Dena den, uztailaren 3an, domekan, itzuliko da herriko jai nagusiei izena ematen dien Ferixa Nagusia. Ganadu azoka berezia da Elgetakoa, bereziki bertan izaten dieen idiengatik. Ohi bezala, bi gunetan banatuko da azoka: alde batetik, plazan eta inguruetan artisau eta saltzaileen postuak jarriko dituzte; bestetik, Berraondoko aparkalekuan ganadu feria kokatuko da.
Idiak nagusi
Sebastian Arantzabal Baserritarren batzordeko zinegotziak gaineratu du prestaketa lanetan dabiltzala oraindik. Postuei dagokienez, berrogeita hamar inguru izatea aurreikusten dute, berrogeitik gora baieztatuta dituzte: "Denetariko produktuak egongo dira salgai, Elgetako baserritarrenak eta inguruko herrietakoenak".
Azokako protagonistak izango dira animaliak; hauek ere, Elgetakoak nahiz inguruko herrietakoak. Idiak dira protagonista, baina kopurua ere zehaztu gabe daukate. Aurten ere, Agustin Beretxinagak hartu du azokako ganaduaren ardura, eta hauxe aurreratu du: "Foru Aldundira hogeita hamalau idi pareren zerrenda bidali dugu, baina ez dakigu denak onartuko dizkiguten edo ez". Hala ere, ehun bat buru handi, behi, egotea espero dute.
Behorrak, ahuntzak eta ardiak ere izango dira Ferixa Nagusian. Alabaina, txerriak izango dira berritasun, "herriko gazteek jarri baitituzte".
Azoken beherakada
Pandemia osteko lehenengo azoka izango da aurtengoa, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, herriko hainbat baserritarrek ez dute hitzordua galduko: "Barrenengua, Zalbide, Arantzeta, Lapurdi eta Larrabil baserriak egongo dira domekan, besteak beste".
Halaber, sumatu dute beste urteetan baino jende gutxiagok eman duela izena. Batzuek utzi egingo zutela pentsatzen du zinegotziak, lehen beti etortzen ziren batzuek ez baitute deitu. Artisauen kasuan, eskari handiagoa egon dela dio.
Animaliei egiten zaizkien azterketekin ere arazoak izan dituzte; hori dela eta, feria asko murriztuko direla dio ganaduaren arduradunak.
Beretxinagaren hitzetan, "pandemia aurretik zetorren gainbehera hau". Hala ere, "lehen ere nahiko jende mugitzen zuen feriak. Bizkaitik eta Arabatik etortzen ziren. Mundu honek jendea mugitzen du, eta nik uste dut eguraldi ona badago jendea etorriko dela".
"Gazteak gara ferien etorkizuna"
Duela hiru urte erosi zuen baserria Peio Bilbao 29 urteko elgetarrak. Duela gutxi, Gaztenek programan sartu da, eta joan den urtean jarri zuen aurreneko txerri-lotea baserrian. Domekako ganadu azokan izango da aurreneko aldiz, eta, aitortu duenez, halako ekimen batean parte hartzen duen lehen aldia da. Abereak eramango ditu, dozena bat txerri eta bederatzina ahuntz eta ardirekin joango da.
Ferien egoeraz galdetuta, etorkizuna gazteak direla dio: "Kontua dagoen bezala eta prezioak dauden bezala, jendea ez dago animatuta ferietarako. Azoken egoera txarrera doa, baina gazteok izena eman behar dugu, eta animaliak plazara eramaten hasi". Kaleko jendeari euren animaliak ezagutzeko aukera eman behar zaiela irizten dio, eta, era berean, herritarrei informazioa eman.