Antzuolako eta bailarako korrikalari mordoa batu dira gaurkoan eta askorentzat, gainera, denboraldiko eta urteko lehen proba ofiziala izan da, "indarrak neurtzeko eta sentsazioak zeintzuk diren ikusten joateko test aproposa", parte-hartzaileetako batzuek adierazi dutenez.
Gizonezkoetan, lehia estua egon da Irimoko gailurrera arte, Ibai Larrea antzuolarra eta Iñigo Alzola arrasatearra nor baino nor gehiago, metro gutxiren baitan. "Topera irten naiz, baina Ibai oso indartsu ikusi dut. Metro batzuk hartzen nizkion, baina gero gerturatu egiten zitzaidan", azaldu du Alzolak. Irimoko tontorrera aurretik iritsi da arrasatearra, baina probako bigarren erdian antzuolar gaztea nagusitu da. Etxekoa izanik, ondo ezagutzen zuen ibilbidea. "Goranzkoan, Alzolak erritmo gogorra ezarri du eta ezin eutsita ibili naiz momentu batzuetan. Gero, mendizerran, eutsi egin dut eta jaitsieran, estutu. Ondo atera zait", nabarmendu du irabazleak.
Atzetik, Bergarako etxabetar anaiak izan dituzte unero, hirugarren eta laugarren sailkatuak, hain zuzen. Beñat Etxabe izan da anaietan podiumera igo dena, elkarrekin helmugaratu diren arren. "Urteko lehen lasterketa izateko, pozik geratu naiz egindakoarekin. Aurreko biak gu baino indartsuago daude eta gehiago izan dira, beraz, zoriontzea besterik ez zaigu geratzen", dio bergararrak.
Emakumezkoetan, berriz, Maite Maiora mendaroarrak ez du aurkaririk izan eta lasterketa guztia bakarrik egin ostean, aise nagusitu da Antzuolako plazan, bigarren sailkatu Ane Zabala arrasatearrari sei minutuko aldea aterata. "Erreferentzia barik joan naiz, nire lasterketa egitera. Ondo sentitu naiz eta eguraldia oso lagun izan ez arren, arazo ere ez da izan". Halaber, ibilbidea "asko" gustatu zaiola onartu du. "Oso lasterketa polita da eta, gainera, garai hauetan ondo dator, martxa hartzen joateko".
Arrasatearra ere "oso pozik" azaldu da parte hartzeko aukera izateagatik, eta baita bigarren postuagatik ere. "Nire azken lasterketa ere Antzuolan izan zen, duela bi urte, eta pasa dugun guztiaren ostean berriro hemen egotea ederra izan da, ezin dut gehiago eskatu", adierazi du. "Norberak badaki noraino hel daitekeen, eta gaur egin dudanarekin oso pozik gelditu naiz". Emakumezko beterano onenaren saria ere jaso du Zabalak.
Arrasatearrengandik minutu eskasera iritsi da hirugarren sailkatua, Irati Larrañaga usurbildarra, Antzuolako proban parte hartu duen hirugarren aldian. "Niretzat ohitura ari da bihurtzen lasterketa hau. Lasterketa polita izateaz gain, giro ederra egoten da eta jendeak asko animatzen zaitu. Suabe hasi naiz, badaezpada, indarrak gordetzen eta helmugaratu naizenera arte ez dut jakin ze postutan nindoan. Hirugarren bukatu dudala esan didatenean, oso gustura sentitu naiz".
Sailkapen orokorra (gizonezkoak)
- Ibai Larrea Aranguren (1:02:52)
- Iñigo Alzola Gordoa (1:03:45)
- Beñat Etxabe Leturia (1:05:56)
Sailkapen orokorra (emakumezkoak)
- Maite maiora Elizondo (1:19:26)
- Ane Zabala Bruña (1:25:41)
- Irati Larrañaga Matxain (1:26:28)
Beterano onenak
Gizonezkoetan:
- Xabier Lazkano Bikendi ( 1:18:54)
Emakumezkoetan:
- Ane Zabala Bruña (1:25:41)
Antzuolar onenak
Gizonezkoetan:
- Ibai Larrea Aranguren (1:02:52)
Emakumezkoetan:
- Nagore Galeano Mondragon (1:47:49)