"Urte txarrak pasatu ostean, aukera bat ikusten genuen berriro ere elkartu eta jai-giroan indarrak hartzeko. Erantzun polita izan du, jende asko etorri da eta gustura gaude", azaldu du Antzuolako EAJren presidente Josu Arangurenek gaur herrian egin duten Debagoieneko EAJ Egunaren inguruan.
Ibarreko herri guztietako jeltzaleak izan dira bertan, tartean, Unai Elkoro Aretxabaletako alkatea eta Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkatea. Baina kanpoko ordezkari jeltzaleak ere egon dira ekitaldian; hala nola Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar; Maite Peña, Gizarte Politiketako diputatua; Maria Eugenia Arrizabalaga, EAJren bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan; Donostiako alkate Eneko Goia; eta Joseba Agirretxea, Espainiako Kongresuko diputatua.
Egunari hasiera emateko Antzuolan zehar bisita gidatua egin ostean, herriko plazan egin dute eguerdian ekitaldi politikoa, udaletxeko balkoian jarri duten eta orain ehun urte Antzuolako Emakumeen Batzak egindako ikurrinaren babespean. "Antzuolako Alderdi Jeltzalea harro eta bizirik mantendu duten gizon eta emakumeak omendu nahi ditugu: beti hor egon direlako gaude gu hemen", esan du Rakel Velasco antzuolarrak EGIko kide Itziar Alonsori hitza eman aurretik.
Gazteak, "bizikidetzan aurrera egiteko giltza"
Alonsok bizikidetza aldarrikatu du euskal gatazkaren, LGTBIQ+ pertsonek jasaten dituzten erasoen eta pertsona migranteen aurrean, eta bizikidetza eta feminismoa jarrera matxisten aurrean. Gaineratu du bizikidetzan aurrera egiteko giltza gazteak direla: "Gu EGIkoak gara, gazteak, mundura zabalik dauden abertzale euskaldunak, gure herria maite dugunak eta beste euskaldun batzuekin gure herriaren etorkizun politikoa erabaki eta eraiki nahi dugunak". "Gazte, euskaraz hitz egitea, politika da. Herri jasangarri eta berde baten alde egitea, politika da. Herri mugimenduetan parte hartzea politika egitea da. Kulturaren aldeko apustua egitea politika da. Eta horiek gauzatzeko bidea gure alderdia da", nabarmendu du, era berean.
Debagoienak "lidergo partekatua"
Aitor Urrutia legebiltzarkide eskoriatzarrak hartu du hitza ostean. "Uste duguna baino bidegurutze gehiagotan gaude, eta aldaketa sakonen aurrean erremintak behar ditugu", esan du, eta gaineratu: “Herri honi eman ahal zaion bultzada horretan Debagoienak lidergoa izan dezake, lidergo partekatua". "Debagoienan onak gara, oso onak; zeinek daki ez garen onenak? Baina batzuetan gure bailaran sartuta egoten gara eta lider batek bere onena eman behar du. Gernikako arbola kantuak dioen bezala, eman eta zabaldu egin behar da. Norbaitek zalantzak ditu euskal ekonomia gehiago kooperatibitzatzeak ez liokeela onik egingo gure ekonomiari? Ala baila honetako enpresetan garatzen ari den enpresen eredu inklusibo eta parte-hartzaile ez litzatekeela ona izango enpresak gure herrietan, gure aberrian zuztartu daitezen? Debagoienak jakituria, metodoa, esperientzia eta pertsonak ditu", azpimarratu du, eta "sentitzeko, pentsatzeko eta egiteko" deia egin.
Egibar, populismo globalaz eta tokikoaz
Joseba Egibarrek itxi du ekitaldi politikoa, eta populismo globala eta tokikoa izan ditu hizpide: "Garai larriak bizi ditugu, eta horrek hiru ondorio izan ditzake: desberdintasunak handitzea, arrakala berriak sortzea eta noraez politikoa. Horrek ateak parez pare zabaltzen dizkio populismoari", eta gaineratu: "Populismoa, tokikoa nahiz mundu mailakoa, ezkerrekoa nahiz eskuinekoa, ez da egitasmo ideologikoa, gizartea zatitu eta hausteko asmoz antolatutako bitarteko bat baizik; eta beharrezkoa zaio jendeak ahalik eta nazka gehien hartzea politikari", azaldu du. "Politikatik aldentze horrekin zerikusia dute arazoak konpondu gabe pilatzeak, erakundeen ahultasunak eta, horren ondorioz, klase politikoaren izen txarrak", erantsi du.
Buruzagi jeltzaleak azpimarratu du Euskadin ez dela horrelakorik gertatzen. "Ez da gure kasua", nabarmendu du. "Batzuk eginahalean dabiltza kaosa eta gobernu eza dagoela nola sinestaraziko baina ezagun da euskal erakunde sistema sendoa daukagula". Eta adierazi: "Egungo egoeran beharrezkoa dugu euskal erantzunkidetasun politiko eta instituzionala guztion ona defenditzeko eta herri bezala orain datozkigun desafioei eta etorkizunean etorriko zaizkigunei heltzeko". "Euskadik hazi egin nahi du, hazi egin behar du politikoki eta instituzionalki, egungo menpekotasun egitura gaindituz eta Estatuarekin harremana izateko estatus berri bat eraikiz, elkarrekiko begirunearen eta berdintasun politikoaren gainean", esan du amaitzeko.
Gora ta gora abestiarekin amaitu duten ekitaldi politikoaren ostean, jeltzaleek mokadutxoa egiteko aukera izan dute Antzuolako udaletxe inguruan, eta hori eta gero, bazkaria eskolako patioan.