Gure Ametsa eta Tellerixa arteko bide berdearen zatia egokitzeko urratsa

Imanol Beloki Unamuno 2022ko uzt. 7a, 17:00

Rafaela Romero Mugikortasuneko Diputatua, Miguel Angel Crespo Departamentuko Zuzendaria, Mankomunitateko Ines Caceres Turismo teknikaria, eta Koldo Azkoitia Mankomunitateko Garapen Agentziako arduraduna Leintz Gatzagan batu dira Eugenio Otsoa alkatearekin eta udalbatzako beste kide batzuekin batera. Lan-bilera egin dute, eta, gero, Vasco Navarro bide berdearen zati bat zeharkatu dute, Gure Ametsa jatetxearen eta Tellerixa artean, berehalako egokitzapen eta hobekuntza jarduketa bat egiteko.

Romero diputatuak Leintz Gatzagarekin batera egindako mugikortasun jasangarriko jarduerak aipatu ditu, bereziki garraio publikoaren erabilera sustatzekoak, hala nola DG21E linearen ordutegiak zabaltzea, biztanleria gazteenak Lurralde Bus-ekin mugikortasuna errazteko. "Udalen eta Aldundiaren lankidetza beharrezkoa da bai landa-eremuetan, bai biztanleri gutxi dauden eremuetan mugikortasun inklusiboagoa lortzeko, hala nola Leintz Gatzaga adibide argia da. Adostasun hori ospatzen dugu garraio publikoa, bizikleta eta oinezkoen mugikortasuna inklusiboago egiteko. Garraio publikoaren erabilera sustatzeari dagokionez, bereziki, Leintz Gatzaga aitzindaria izan da Gipuzkoako mugikortasunaren inklusibotasun handiagoan, landa-eremuetara eta biztanle gutxiagorekin iristeko".

Errepide berdeen balio turistikoa

Eugenio Otsoak eta Rafaela Romerok udalerritik gertu doan bide berdearen etorkizunarekin lotutako gaiak jorratu dituzte, eta gero, Gure Ametsa jatetxearen eta Tellerixa artean egin nahi den egokitzapen eremura joan dira. Bisitan Miguel Angel Crespo Mugikortasun departamentuko zuzendaria, udalerriko hainbat zinegotzi eta Debagoieneko garapen agentziako ordezkariak izan dira. Bertan Romerok gogorarazi du, udalerrien arteko mugikortasuna errazteko oso garrantzitsua dela gure lurraldean doazen bidegorriak eta bide berdeak amaitzea. "Gipuzkoako errepide berdeek eta bidegorriek 404 km-ko sarea dute, eta, balio turistiko eta kultural handiaz gain, bizikleta eta oinezkoen komunikaziorako arteriak dira, gure lurraldeko udalerrien eta mugakide diren beste probintzia batzuetako herrien arteko mugikortasuna dinamizatzeko. Horregatik, Mugikortasun Departamentutik, Eskoriatza eta Arabako mugaren arteko trenbidearen trazadura berreskuratzearen aldeko apustua egin dugu. Proiektu hori, amaitzen denean, Europako bide luzeena izango da, 130 km-ko ibilbidearekin".

Turismoa sustatzeko egokitzapena

Eugenio Otsoak adierazi du funtsezkoa dela Vasco-Navarro berreskuratzeko proiektuari lehentasuna ematea. "Trenbideak funtzionatzeari uzten dioen une beretik, inguruko bizilagunen erreklamazio historikoa izan da". Era berean, pozik agertu da Mugikortasun Departamentuarekin, Gure Ametsa eta Tellerixa arteko bide berdearen zatia laster egokitzeko lortutako akordioarekin. "400 eta 600 metro inguru artean dituen tarte hori egokituz gero, erantzuna emango zaie Leintz Gatzagako biztanleen mugikortasunari eta Deba ibaiaren iturburua eta inguruan dagoen Gipuzkoako bigarren hariztia ezagutzera bertaratzen diren bisitariei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak