Gertuko lagunek lanerako esku fina zuen pertsona bezala deskribatzen dute Danel Goikolea, beti laguntzeko prest zegoena. Herri mailako elkarte ugaritan parte hartu zuen bere ekarpenekin. Txatxilipurdiren Eguzkilaru eta Ilargitxo eta Arrasate Herri Eskolako maskota den Buztantxo pertsonaiak sortu zituen, AED elkartean Iparraldeko euskaltzaleekin harremana indartzeko Hegoaxe taldea sustatu zuen, eta herriko artistez osatutako Muralart taldearekin kaleko mural ugari margotu zituen, besteak beste. Arratoiak margotzea zuen gustuko, Arrasate Press aldizkarian garai batean egiten zituen biñetak eta Olarte haur eskolara igotzeko eskaileretako murala dira horren erakusle.
Debagoieneko Mankomunitatean zein LAB sindikatuan ere lan egin zuen, eta LABetik nabarmendu dute "bere bapatekotasuna, irria eta izaera ganberroa betirako" geratuko direla.
Danel Goikoleak Xanti Iparragirreri eskaini zion bertsoa, urtarrilaren 4an:
Txapelhandiak gure artean
eman du bere itzala
maisua izan zaitugu eta
ez da suerte makala!
Nola dantzatu erakutsiaz
bizia eta azala
ea guk ere egiten dugun
zuk nahi zenuen bezala.
Hitzak neurtzeko doaiarekin
etorria Añarbetik
etenik bako borrokalari
maite zenuenagatik
oraindik ere ikusten zaitut
so zaudela txapelpetik
argi handi bat piztu diguzu
sasi guztien gainetik