Rezusta txapeldun!

Xabier Urtzelai 2014ko eka. 15a, 19:47

Beñat Rezustak irabazi du Promesen mailako buruz buruko txapela, Beotibarren Ibai Zabalari 10-22 irabazi ostean. Bergarakoak goitik behera menderatu du partidua, eta une bakar batean baino ez ditu zalantzak izan, 6-19koan pilota bati ezker eskuko hatz txikiaz emandakoan min hartuta aldagelara erretiratu behar izan denean. Lekutik irten zaio hatza, baina ez da partidua amaitzeko oztopo izan. Datorren urtean Lehen mailako Buruz Burukoan izango da, onenekin lehian. [ARGAZKIAK]

Beñat Rezusta, partidua amaitutakoan, Reyes Azkoitiarekin.

Ezker esku eder horrek ez zuen finalean hutsik egin, eta hatz txikian min hartu bazuen ere, Beñat Rezustak (Bergara, 1993) ez zuen garaikurra solte uzteko asmorik, ez behintzat partidua amaituta Reyes Azkoitiaren besarkada jasotzen zuen bitartean. Txapela soinean eramateko, berriz, ez zuen eskurik behar, eta bai ondo jantzitako burua: "Halako partiduen aurrean erakusten duen lasaitasuna ez da normala, badu zerbait berezia", zioen Aspeko prentsa arduradunak aste barruan, Rezusta zenbaterainoko faborito zen galdetuta. Ba bai, badu zerbait berezia.

Zabala, aukera barik 

Hasierako saketik hartu zuen Bergarakoak aldea (1-5), eta Zabala markagailuan gerturatu egin bazitzaion ere, azkar handitu zuen aldea. Eta hori, Rezustak hainbat opari egin zituela, baina kontrarioak ez zuen horiek aprobetxatzen jakin, eta kontrara, Zabalak egindakoak bikain aprobetxatu zituen Aspekoak. 

Hala ere, Bergarakoak ez zuen aparteko oparirik behar. Ezkerraz ondo emanda Asegarcekoa defentsa lanean ibiltzera behartu zuen, eta txukun jardun zuen gainera: "Baina etengabe defentsan ibiltzea ez da seinale ona", zioen Berrizkoak partidua amaitutakoan.

Emoziotik gutxi izan zuen partiduak, 5-19ra ere egon ziren, finala izateko aurreikusi baino egur handiagoa jaso behar zuen Zabalak, Rezustak min hartu zuen arte. 6-19koan Rezustak ez zuen tantoa ondo amaitu, salduta utzi zuen bere burua, eta 7. koadroraino korrikaldia egin behar izan zuen Zabalaren pilotakadari erantzuteko; postura txarrean ahalegindu zen, eta min hartu zuen hatz txikian. 

Aldagelara bidean 

Batek baino gehiagok pentsatuko zuen hura ez zela señale ona, baina minutu gutxira itzuli zen, hatza babestuta, lekutik irten zitzaiolako. Orduan sortu zitzaizkion zalantzak, eta Zabalak bost tanto egiteko aprobetxatu zuen hori. Baina aulkian lagun zuen Gallastegik lasai egoteko esan, hari kasu egin, markagailuan zuen aldeaz jabetu eta partidua amaitzeko gauza izan zen (10-22): "Txapelketa nahiko erregularra egin dut, eta finalean opariren bat egin dut, baina gustura geratu naiz egindako lanaz". Profesionaletako lehen urtea borobildu du, eta adi, datorren urtean onenekin izango delako.


Bergaratik joandako lagunak ondoan izan zituen Rezustak, eta amaieran eurekin egin zuen talde erretratua: 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak