Garai bateko kontuak gogoratzeko eguna izan da, eta aspaldiko lagunak agurtzeko eguna. Partidua hasi aurretik, egungo Aloñako jokalariek pasilloa egin diete orduko jokalariei –26 beterano etorri dira guztira– eta ondoren Javi Azpiazuk orduko garaikurra eman dio ostera ere kapitainari, Jose Luis Abaunz Montxo-ri. Segidan, Manolo Vieites zale amorratuari omenaldi txikia egin diote, jokalari guztiek sinatutako baloia oparituz. Izan ere, garai hartan Manolok etxeko eta kanpoko partidu guztietan jarraitzen zuen Aloña Mendi, eta egun ere taldeko zale amorratua da (Errepublikako bandera jarri zuen Azkoagaingo harmaila baten, ekitaldia hasi aurretik). Ondoren, dantzariek aurreskua dantzatu diete beteranoei –asko eta asko etxekoekin etorri dira– eta talde argazkia atera ostean hasi da lagunartekoa. Partiduko emaitza, hori gutxienekoa da.