Beñat Rezusta, partidua amaitutakoan, Reyes Azkoitiarekin.
Ezker esku eder horrek ez zuen finalean hutsik egin, eta hatz txikian min hartu bazuen ere, Beñat Rezustak (Bergara, 1993) ez zuen garaikurra solte uzteko asmorik, ez behintzat partidua amaituta Reyes Azkoitiaren besarkada jasotzen zuen bitartean. Txapela soinean eramateko, berriz, ez zuen eskurik behar, eta bai ondo jantzitako burua: "Halako partiduen aurrean erakusten duen lasaitasuna ez da normala, badu zerbait berezia", zioen Aspeko prentsa arduradunak aste barruan, Rezusta zenbaterainoko faborito zen galdetuta. Ba bai, badu zerbait berezia.
Zabala, aukera barik
Hasierako saketik hartu zuen Bergarakoak aldea (1-5), eta Zabala markagailuan gerturatu egin bazitzaion ere, azkar handitu zuen aldea. Eta hori, Rezustak hainbat opari egin zituela, baina kontrarioak ez zuen horiek aprobetxatzen jakin, eta kontrara, Zabalak egindakoak bikain aprobetxatu zituen Aspekoak.
Hala ere, Bergarakoak ez zuen aparteko oparirik behar. Ezkerraz ondo emanda Asegarcekoa defentsa lanean ibiltzera behartu zuen, eta txukun jardun zuen gainera: "Baina etengabe defentsan ibiltzea ez da seinale ona", zioen Berrizkoak partidua amaitutakoan.
Emoziotik gutxi izan zuen partiduak, 5-19ra ere egon ziren, finala izateko aurreikusi baino egur handiagoa jaso behar zuen Zabalak, Rezustak min hartu zuen arte. 6-19koan Rezustak ez zuen tantoa ondo amaitu, salduta utzi zuen bere burua, eta 7. koadroraino korrikaldia egin behar izan zuen Zabalaren pilotakadari erantzuteko; postura txarrean ahalegindu zen, eta min hartu zuen hatz txikian.
Aldagelara bidean
Batek baino gehiagok pentsatuko zuen hura ez zela señale ona, baina minutu gutxira itzuli zen, hatza babestuta, lekutik irten zitzaiolako. Orduan sortu zitzaizkion zalantzak, eta Zabalak bost tanto egiteko aprobetxatu zuen hori. Baina aulkian lagun zuen Gallastegik lasai egoteko esan, hari kasu egin, markagailuan zuen aldeaz jabetu eta partidua amaitzeko gauza izan zen (10-22): "Txapelketa nahiko erregularra egin dut, eta finalean opariren bat egin dut, baina gustura geratu naiz egindako lanaz". Profesionaletako lehen urtea borobildu du, eta adi, datorren urtean onenekin izango delako.
Bergaratik joandako lagunak ondoan izan zituen Rezustak, eta amaieran eurekin egin zuen talde erretratua: