2025eko albiste ikusienak 'Goiena.eus'-en

Itziar Larrañaga Sarasola 2026ko urtarrilaren 1a

2025eko hamabost albiste ikusienak.

Askorako eman du 2025ak, eta albisteak ere askotarikoak izan dira. Baina zeintzuk dira Goiena.eus atarian klik gehien izan dituzten albisteak? 

Joan den egubakoitzean, abenduaren 26an, argitaratu zen Goiena paperean urteko albiste esanguratsuenak hilabetez hilabete jasotzen dituen 2025eko urtekaria. Artikulu honetan aldiz, Goiena.eus webgunean aurreko urtean zehar ikusienak izan diren hamabost albisteak zerrendatzen dira.

1. albistea

24 urteko gazte bat hil da Usakoko putzuan

2025eko maiatzaren 18a

Zehar erakundeak baieztatu duenez, Burkina Fasoko mutil bat da hildako gaztea, eta Oñatiko harrera etxean zeraman astebete.

2. albistea

Idoia Herrarte bidai-zale arrasatearra hil da, Ekuadorren

2025eko irailaren 16a

Arrasatekoa izanik, Gasteizen bizi zen Herrarte eta herrialdez herrialde ibiltzen zen bidaiatzen, bizikleta lagun izanik. Ekuadorren hil da, bizikletarekin istripua izanda.

3. albistea

Goienaren Udako Argazkien Lehiaketa

2025eko uztailaren 24tik aurrera

Debagoiendarrek ia 400 argazki bidali dituzte Goiena Komunikazio Taldeak antolatutako 21. Udako Argazkien Lehiaketara. Irabazleak Iñaki Zenitagoia Pildain bergararra, Aritz Gordo Perez arrasatearra, Ekain Muñoz Oñatibia oñatiarra eta Paule Kalboetxeaga eta Oihane Gurruchaga bergararrak izan dira.

4. albistea

Josu Errasti hil da, Heriotza eta Eskoria-Tza taldeetako gitarrista

2025eko ekainaren 7a

Bart gauean hil da, bapatean, hainbat musika proiektutan parte hartu duen 57 urteko eskoriatzarra. Eskoria-Tza, Heriotza, Captain Nemo, Ladislao edota Cool Circus bandetan aritu da gitarra-jotzaile bezala.

5. albistea

Pertsona bat atxilotu dute beste bosti labanaz eraso egiteagatik Oñatin

2025eko urtarrilaren 1a

Taberna baten kanpoan gertatu da erasoa, bi pertsonaren arteko eztabaida baten ostean. Ertzaintzak jakinarazi duenez, erasotzailea atxilotuta dago.

6. albistea

Irudimenak ez du mugarik izan Aretxabaletako mozorro desfilean

2025eko martxoaren 2a

Mozorrotutako kuadrillen desfilea izan da protagonista Aretxabaletan, Aratuste-domeka eguerdian. Kaleko giroa berotu dute herria gurutzatu duten karrozek eta bestelakoek, eta denetariko eta jatorri askotariko mozorroak ikusi ahal izan dira: australiarrak, amerikarrak, brasildarrak, arrasatearrak... Frantziako Tourraren podiuma ere jarri dute herrian!

7. albistea

Aloñatik jaitsi den ur emari handia dela eta ura sartu da Gesaltzako hiru baserritan gutxienez

2025eko maiatzaren 14a

Arratsaldean hasi dira arazoak. Gogoz bota du euria tarte handi batean eta erreka handia dator Aloñatik behera. Ura sartu da Gesaltzako hiru baserritan, gutxienez, eta suhiltzaileak bertan izan dira.

8. albistea

Bi pertsonak zauri arinak izan dituzte Oñatiko Olabarrieta auzoan izan den auto istripuan

2025eko maiatzaren 4a

10:00ak aldera izan da ezbeharra, auzoko baserri baterako bidean auto bat irauli denean. Suhiltzaileek atera behar izan dituzte iraulitako autoan zihoazen bi pertsonak eta Debagoieneko Ospitalera eroan dituzte ondoren.

9. albistea

Adineko emakume bat hil da ibilgailu batek harrapatuta Arrasaten

2025eko apirilaren 8a

Ertzaintzak jakinarazi duenez, ibilgailu batek adineko emakume bat harrapatu du 11:00ak aldera Arrasateko Etxagibel Notarioa kalean. Udaltzainak hara gerturatu dira, eta Arrasateko Udalak baieztatu du hil egin dela.

10. albistea

Maritxu Kajoiko photocall-eko argazkiak

2025eko urriaren 3a

Kuadrillak Goienaren photocall-era hurbildu dira talde-argazkiak ateratzera. Gainera, Goiena Komunikazio Taldeak 25 urte betetzen ditu aurten eta urteurrenari ere egin diote keinu.

11. albistea

Domekan itxiko dute Urbiako Fonda

2025eko abuztuaren 13a

Egungo maizterrek aurrera ez jarraitzeko erabakia hartu dute. "Ez gara akordio ekonomiko batera heldu, eta gure bidea amaitzea erabaki dugu. Domekan, abuztuaren 17an, izango da gure azken eguna", esan dio GOIENAri Peio Bilbaok. Fondaren jabeak beste pertsona baten bila dihardute, eta ez dakite noiz zabaldu ahal izango duten berriro ere.

12. albistea

Bigarren txapela Larrea eta Kortazarrendako

2025eko apirilaren 13a

Duela 10 urte lehenengo Arrasate-Udalatx irabazi eta gero Oihana Kortazarrek sasoian egoten jarraitzen duela berretsi du, Onditz Iturbek izugarri estutu badu ere elgetarrarendako izan delako garaipena (2.12.41). Gizonezkoetan Ibai Larreak ez du halako kontrario gogorrik izan, eta iazko txapela nagusitasunez defendatu ahal izan du antzuolarrak (1.47.03), nahiz eta Udalatxera igotzen Aritz Egeak estutasunetan jarri duen. Esanguratsua da Debagoienean dagoen maila, bertan geratu dira txapelak.

13. albistea

Kamera bat aurkitu dute Arrasateko taberna bateko komunean

2025eko otsailaren 9a

Goizaldean jaso du abisua Arrasateko udaltzaingoak. Bertaratu eta lekua miatu dute. Baieztatu dute txostena idazten ari direla. Oraingoz, ez dago salaketarik Ertzaintzan.

14. albistea

Mikel Velasco eta Eneritz Urrutia debagoiendar azkarrenak Behobia-Donostia lasterketan

2025eko azaroaren 9a

Biak arrasatearrak: 28. helmugaratu da gizonezkoen kategorian Velasco eta 21. emakumezkoenean Urrutia. 20 kilometroko lasterketa ezagunean 327 debagoiendarrek hartu dute parte aurtengo edizioan, eta Bergarak eraman du ordezkaritza handiena, 104 lasterkarirekin. Herrietan datoz herri bakoitzeko korrikalarien denborak.

15. albistea

Artzanburu mendiaren inguruan aurkitu dute desagertuta zegoen artzain gabiriarraren gorpua

2025eko azaroaren 22a

Gaur goizeko hamaikak baino minutu batzuk lehenago aurkitu dute Larrialdi Zerbitzuek eguenetik desagertuta zegoen 77 urteko artzainaren gorpua. Atzo arratsaldean txakurra aurkitu zuten tokitik gertu zegoen, Artzanburu mendiaren inguruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak