Sare sozialetan zabaldu zen mezu batek piztu ditu alarma gorriak. Urbiako Fondarendako arduradun berri bat lortzeko mezua zabaldu dute Instagram bidez. Duela hiru urtetik fonda kudeatzen egon direnek baieztatu dute zerbitzua itxi egingo dutela. "Hiru urte zoragarri izan dira, baina ez gara jabeekin akordio ekonomiko batera heldu, eta fondan ematen genuen zerbitzua eten egingo dugu", adierazi du Peio Bilbaok. Hala, azken egunak ditu Urbiako Fondak: abuztuaren 17an itxiko ditu ateak.
2022ko uztail bukaeratik egon da Peio Bilbao elgetarra Urbiako Fonda kudeatzen.
Eta, orain zer?
Domekako itxieraren aurrean, eta kontuan hartuta, fondak berak mendeurrena beteko duela abuztuaren 30ean, zerbitzuarekin zer gertatuko den jakin gura izan du GOIENAk. Urbiako Fonda SL enpresa da emakida duena. "Hasi gara kudeatzaile berriaren bila. Gurako genuke ahalik eta azkarren zabaldu berriro ere, baina ezin dugu datarik eman", adierazi du Aritz Altubek.
Bilbaok eman duen itxieraren arrazoiaren gainean galdetuta, Altubek ez du adierazpenik egin gura izan, baina bai adierazi du "eskertuta" daudela hiru urte hauetan egindako lanarengatik.