Bigarren txapela Larrea eta Kortazarrendako

Goiena 2025ko api. 13a, 09:45

Duela 10 urte lehenengo Arrasate-Udalatx irabazi eta gero Oihana Kortazarrek sasoian egoten jarraitzen duela berretsi du, Onditz Iturbek izugarri estutu badu ere elgetarrarendako izan delako garaipena (2.12.41). Gizonezkoetan Ibai Larreak ez du halako kontrario gogorrik izan, eta iazko txapela nagusitasunez defendatu ahal izan du antzuolarrak (1.47.03), nahiz eta Udalatxera igotzen Aritz Egeak estutasunetan jarri duen. Esanguratsua da Debagoienean dagoen maila, bertan geratu dira txapelak. 

Arrasate-Udalatxeko bigarren txapela irabazi dute Ibai Larrea antzuolarrak eta Oihana Kortazar elgetarrak, eta ikuskizun ederra eskaini dute, eguraldiak baldintzatutako lasterketan. Anporretara bidean taldea osatu dute Larreak, Asier Azkaratek, Aritz Egeak, Dani Izquierdok eta Dimas Pereirak. Eta, emakumezkoetan Oihana Kortazar hasieratik jarri da lasterketa buruan, baina atzean izan du, uneoro, 2022ko irabazle –eta lasterketaren errekorraren jabe– Onditz Iturbe. Kilometroak aurrera joan ahala lasterketak bakoitza bere tokian jarri du, eta Meatzerrekara iritsitakoan Larreak iazko erabaki berbera hartu du, erasoa jotzea. Oraingoan, baina, Egeak ez dio urrun joateko baimenik eman, eta Udalatik Udalatxera igotzen Egearena izan da marka onena (21.31). Joseba Iglesias saria, horrenbestez, Egearendako izan da. "Estutu egin nau hor, sufritu egin dut Udalatxera igotzen, Egeak harrapatu egin nau eta haren atzetik joan naiz, baina larri", onartzen zuen lasterketa amaitutakoan Larreak. Goitik beherakoan, baina, Egeak badaki gazte hauek ze trebeak diren, eta Larreak gehiago arriskatuta abantaila hartu du, amaierara arte galdu ez duena. Nabarmentzekoa izan da Dani Izquierdoren lasterketa, soriarrak ez zuen lasterketa ezagutzen, eta atzetik aurrerako lasterketa eginda bigarren sailkatu da (1.46ra), eta hirugarrena izan da helmugan Aritz Egea, lasterketa hau 2018an irabazi zuen gizona.
 
Emakumezkoetan izan da benetako borroka estua. Kortazarrek ez du lasterketako aginte makila inongo momentutan utzi, eta azkarrena izan da Udalatxera igotzen (26.29) baina Igorreko lasterkari Onditz Iturbe gain gainean izan du uneoro. Udalatxetik Txukurrillorako jaitsiera elkarrekin egin dute, hor arriskatuta asko zuten galtzeko, eta gutxi irabazteko, eta Arrasatera iristeko 500 metro geratzen zirenean, Larragaingo haitzetan, erritmoa aldatuta abantaila hartu du Kortazarrek. "Banekien Arrasateko kaleetara batera iritsiz gero asko neukala galtzeko, krosetan ere ibiltzen da Onditz Iturbe eta korrikalari azkarra da. Zorionez abantaila apur bat hartu dut eta horri eutsi ahal izan diot helmugara arte. Egia esan, garaipen hau izugarri baloratzen dut, nire onena ematera derrigortu nautelako", adierazi du elgetarrak. Hirugarren izan da  Irune Velez de Mendizabal, aurreko bi horien arteko borrokatik urrun –11 minutura– baina lasterketa borobila eginda.
 

Eguraldiak baldintzatutako proba

 
Iaz ez moduan, aurten eguraldi narrasa izan dute lasterkariek eta bezperan, eta goizaldean, botatako euriak asko zaildu du zirkuitua. Anporretan lokatz asko izan dute, eta Udalatxen lokatza, eta harri bustia. Hala ere tontorrean jendea batu da korrikalariak animatzeko eta horrekin batera, azken orduan antolatzaileek ibilbidea aldatu behar izan badute ere korrikalariak gustura geratu dira lasterketak hartu duen itxurarekin, "Gustatu zaizkit Anporretako inguruak, iaz baino kilometro gehiago egin ditugu hor eta baso polita da", gaineratu du bi urtez jarraian lasterketa honetan protagonista izan den Larreak.
 
Bihar, astelehena, Harmailatik saio bereziak erakutsiko ditu lasterketako xehetasun guztiak.
 
 

 

Erlazionatuak

Arrasate-Udalatx mendi lasterketa argazkitan

Imanol Beloki Unamuno api 13, 16:13 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak