Bi pertsona, gizonezko bat eta emakumezko bat, zauritu dira gaur goizean, 10:00ak aldera, Oñatiko Olabarrieta auzoko baserri baterako bidean izan den auto istripuan: bi auto gurutzatzen ari zirela, goitik behera zetorrena irauli egin da.
Oñatiko udaltzainak, ertzainak, osasun zerbitzuetako langileak eta suhiltzaileak bertaratu dira eta azken horiek izan dira bi pertsonak iraulitako autotik atera behar izan dituztenak. Debagoieneko ospitalera eroan dituzte ostean, baina udaltzainek azaldu dutenez, hasiera batean behintzat, zauri arinak dituzte. Istripua artatu bitartean udaltzainek Olabarrieta auzoko errepideko trafikoa bideratu dute.