Josu Errasti Iriartek 80ko hamarkadan eman zituen lehen pausoak punk-rock eszenan, Heriotza eta Eskoria-Tza taldeetan. Gerora beste hainbat taldetan ere jo zuen. Heriotza taldearekin hainbat urtetako etena izan ostean, laukotea 2023ko abenduaren 23an berragertu zen Arrasateko Irati topagunean. Aurtengo Mondra&Roll jaialdian joko zutela iragarri zuten antolatzaileek pasa den otsailean.
Cool Circus taldeak honako mezua partekatu du sare sozialetan: "Bart gauean gure taldekide eta lagun mina, Josu Errasti joan zaigu. Zaila da hitzez adieraztea zenbat huts egingo digun bere umore zorrotzak, rockarekiko zuen grinak eta beti kitarra eskuan zuen presentziak. Eskoria-tza, Heriotza, Captain Nemo, Ladislao, Cool Circus eta beste hamaika proiektutan utzi du bere arrastoa, baina gure bihotzetan utzi duen aztarna are sakonagoa da. Zurekin partekatutako momentuak eta oholtza gaineko energia hori betiko gordeko ditugu. Eskerrik asko hainbeste emateagatik, lagun. Zure soinua gure artean entzuten jarraituko dugu".