Modu ofizialean iragarri bako kontzertua izan bazen ere, ahoz aho zabaldu zen berria eta lepo bete zen atzo arratsaldean Irati Topagunea. Kontralde taldeak zabaldu zuen kontzertua, euren diskoko kantuak aurkeztu zituen eta Heriotza taldearen Bakardadean kantuarekin borobildu zuten kantu-zerrenda.
Heriotza taldearen kantu horren bertsioa egin ohi du sarritan Kontralde taldeak, baina atzokoan, Heriotza-ko Iñigo Bakero baxu-jolea izan zuten lagun; une polita besteko bitxia izan zen Iñigo eta Manex Bakero aita-semeak elkarrekin taulaen gainean ikustea.
Garai bateko kantuak "gogoz" kantatzen
Segidan hartu zuten lekukoa taularen gainean Josu Errasti gitarra-joleak, Jose Mari Legorburu Txotxe bateria-joleak eta Heriotza laukotea borobildu zuen Jon Pagaldai Txetxu gitarra-joleak. Hamar kantu eskaini zituzten, 80ko eta 90eko hamarkadetan Eskoriatzako eta Arrasateko musikariak batzen zituen Heriotzaren ikur zirenak eta Eskoriatza taldearen omenez Demokrazia izenekoari ere tokia eginda, aurrean zuten "publiko beteranoaren" harrera itzela jasota.