Aloñatik jaitsi den ur emari handia dela eta ura sartu da Gesaltzako hiru baserritan gutxienez

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko mai. 14a, 18:00

Arantzazuko Gesaltza auzoan dituzte arazo gehien. Ur handiak datoz Aloñatik behera eta ura sartu da Gesaltzako hiru baserritan, gutxienez. Euria gogoz ari du eta udaltzainek itxi egin dute Arantzazurako bidea Txopekua inguruan. Goranzko norabidean dago itxita. Une honetan larrialdi zerbitzuen zain daude udaltzainak.

Arratsaldean hasi dira arazoak. Gogoz bota du euria tarte handi batean eta erreka handia dator Aloñatik behera. Ura sartu da Gesaltzako hiru baserritan, gutxienez, eta suhiltzaileak bertan dira.

Oñatiko udaltzainak ere han dira. "Ur handiak datoz errepidetik behera ere, eta itxi egin dugu zirkulazioa Txopekua parean. Une honetan ezin da goranzko igo. Itxita daukagu errepidea. Jaisten direnei bakarrik uzten diegu pasatzen", azaldu du udaltzainetako batek. "Menditik dator ura. Erreka handia da. Larrialdi zerbitzuak iritsi zain gaude", gaineratu du.

Udaletik adierazi dute "uraren emaria jaisten" joan dela denborak aurrera egin ahala, eta "menditik urak jaisten jarraitzen duen arren, indarrak behera" egin duela. Ur emari handiak eragin du errepidea harriz josita gelditzea eta, hortaz, errepideko errail bakarra egon da zabalik bi noranzkoetarako. 19:30ak bueltan iritsi da errepidea garbitzeko kamioia –garbiketa lanak egin bitartean itxita dago errepidea–, eta espero da datozen orduetan errepidea guztiz garbituta gelditzea.

Kamioia garbiketa lanak egiten Arantzazura bideko errepidean. Argazkia: Oñatiko Udala

14:00etatik, etengabe

Aloña magaletik etorri da erreka handia. Arantzazura doan errepidea pasa, eta Gesaltzarako bidea hartu du. "14:00etatik etengabe bota du ura, baina halakorik ez dut inoiz ikusi. Ura indar handiarekin, eta asko gainera. Gesaltzako baserrietara indar handiarekin heldu da", esan dio GOIENAri laguntza ematen egon den Miguel Arregik.

Arantzazuko errepidearen alboan daude Kortakogain baserria, eta han ere sartu da ura. "Ez dakit zenbat sartu den, eta ze kalte eragin dituen. Oraingoz, ezin gara etxera igo", adierazi du hango bizilagun Maider Usandizagak.

Aloñatik erori den ura, hainbat kilometroz egin du errepidean behera. Uribarri auzoraino heldu da. Hango Tabernakua baserrian ere sustoa hartu dute. "Sarrera guztiak tapatu ditugu, eta ur gutxi sartu zaigu", esan du hango bizilagunak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak