Joan den ostiralean argitaratu zen Goiena paperean urteko albiste esanguratsuenak hilabetez hilabete jasotzen dituen 2023ko urtekaria. Honetan aldiz, Goienaren Interneteko atarian klik gehien izan dituzten albisteak zerrendatzen dira.
Sailkapen horretan Aretxabaletak protagonismo nabarmena hartu du, hamabost albistetik zazpi Aretxabaletan gertatutakoak baitira.
'Goiena.eus': 2023ko hamabost albiste ikusienak
1. albistea
Gizonezko bat atxilotu dute Aretxabaletan bi laguni tiro egitearren
2023-07-31
39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Aretxabaletan, bi pertsona erasotzeagatik. Istiluak izan ziren herriko taberna baten kanpoaldean, eta ustezko erasotzaileak bi pertsona zauritu zituen suzko armarekin.
2. albistea
Hiru zauritu Miguel Altunako egoitza berriaren parean izandako istripuan
2023-02-28
GI-627 errepidean gertatu zen ezbeharra, Arrasatetik Bergararako noranzkoan, auto zuri baten eta kamioneta baten artean. Miguel Altuna institutuaren egoitza berriaren parean egin zuten talka bi ibilgailuek. Hiru gizonezko zauritu ziren eta hiruek behar izan zuten suhiltzaileen laguntza ibilgailutik irteteko; bi Debagoieneko ospitalera eroan zituzten, eta bat Gasteizko Santiago ospitalera.
3. albistea
Aretxabaletarren udako argazkiak
2023-09-22
Beste urte batez arrakasta handia izan zuen Goienaren Udako Argazkien Lehiaketak. 2023koa 19. edizioa izan zen eta 528 argazki jaso ziren. Horien artean interes gehien aretxabaletarren 92 argazkiek piztu zuten, hori izan baitzen galeria guztietan ikusiena. Ostean, oñatiarrenak eta bergararrenak izan ziren ikusienak. Halaber, lehiaketako lau sarietako hiru Aretxabaletarako joan ziren.
4. albistea
2022-02-23
Otsailaren 21ean hil zen Eugenio Otsoa Ugalde Gerra (Arrasate, 1951) Leintz Gatzagako alkatea, gaixotasun luze baten ondorioz. Otsailaren 23an hura agurtzeko ekitaldia egin zuten. Herria egiteagatik eta haren izaera alai eta deskribaezinagatik eskerrak eman zizkioten azken agurrean, ekitaldi hunkigarri bezain jendetsuan.
5. albistea
Lau labankada jasota eraman dute gizonezko bat goizaldean ospitalera
2023-06-25
Goizaldeko 03:00etan Arrasateko alde zaharrean gertatutako eraso baten ondorioz, gizonezko bat lau labankada jasota eraman zuten ospitalera. Une hartan honakoa adierazi zuten Ertzaintzatik: "Zabalik dugu ikerketa eta erasotzaileak identifikatzen saiatzen ari gara. Zorionez erasotuak ez ditu zauri larriak". Arrasateko Udal talde guztiek gaitzetsi zuten erasoa, ohar bidez.
6. albistea
Bertso, dantza eta abesti artean agurtu dute Ekain Andres
2023-04-22
Otala Zelain egin zioten azken agurra, apirilaren 7an Vietnamen moto istripuan hil zen 25 urteko gazte aretxabaletarrari. Hutsune handia utzi zuen gazteak eta jendetza batu zen ekitaldian. Lehenik eta behin, haren senideek hartu zuten berba eta eskerrak eman zizkieten joan ziren guztiei. Ondoren, denetik izan zuen ekitaldiak: anekdotak, bertsoak, kantuak, dantza eta abar.
7. albistea
Maritxu Kajoi 2023: arratsaldeko 'photocall'-a
2023-10-06
Beste urte batez, dotore jantzita gerturatu ziren arrasatearrak Goienaren photocall-era. Eta 2022an gertatu bezala, 2023an ere arratsaldeko argazki galeria zazpigarren albiste ikusiena izan da.
8. albistea
Udaltzain bat kaleratua Aretxabaletan lankideen intimitatea urratzeagatik
2023-03-03
Epai batek emakume lankideak aldageletan grabatzen zituela frogatutzat emanda hartu zuen erabakia udalbatzak. Ezohiko osoko bilkuran, udaltzainburu izandako R. B. M. kaleratzea erabaki zuten, han batutako zinegotzi guztien aldeko botoarekin –EAJ-koak eta EH Bildukoak–.
9. albistea
Aretxabaletako mozorro desfileko argazkirik onenak
2023-02-19
Bikingoak, zirkuko artistak, Alaska eta Mario, Ameriketatik etorritako motorzaleak, astronautak, erleak, Got Talent saioko protagonistak... askotariko mozorro eta karrozekin girotu zuten urteko festa egun koloretsuena. Gainera, Oñatiko primadia ere Aretxabaletan izan zen.
10. albistea
Frantziako Tourra Debagoieneko errepideetan
2023-07-02
Frantziako Tourraren 110. edizioak Debagoiena zeharkatu zuen eta harrera beroa egin zieten herritarrek txirrindulariei. Nazioarteko txirrindulari ekitaldi nagusia pasa baino bi ordu lehenago, Tourreko karabana erraldoia izan zen protagonista.
11. albistea
Mikel Bolinaga eta Belen Martin: "Lan asko egin dugu, baina gozatu ere bai"
2023-03-23
35 urteren ostean, martxoan itxi zuten Ongi taberna. Mikel Bolinaga eta Belen Martin pozik agertu ziren ibilbideak emandakoarekin. Bolinagaren eta Martinen agurraren ostean, arduradun berriak iritsi ziren hotelaren zein tabernaren kargu egiteko.
12. albistea
Behorra haitz artetik ezin irten Kurtzebarrin
2023-09-06
Eskoriatzako Mazmela auzoko Josu Zurutuzaren behor batek, Kurtzebarri menditik Elorretako Haitzetara bidean –gurutzetik 50 bat metrora– dauden haitzen artean pasatu zuen gau bat. Jabeak eta beste hainbat lagunek, behorra handik ateratzea eta etxera onik jaistea lortu zuten.
13. albistea
Gizonezko bat atxilotu dute, Sara jatetxean lapurreta egin eta sua piztea leporatuta
2023-07-15
Gauerdian piztu zen sutea eta baserria erabat kiskalita geratu zen; jatetxeak ez zuen kalte handirik jasan. Lapurreta baten ostean gertatu zen sutea, eta laster atxilotu zuten ustezko egilea. Epailearen aginduz, ihes egindako ospitale psikiatrikora itzularazi zuten.
14. albistea
Oñatiko EH Bilduk aurkeztu du udal hauteskundeetarako zerrenda
2023-04-01
Udal eta Foru hauteskundeen jarraipena egiteko Goienaren kanal berezia izan zen 2023ko kanal guztien artean ikusiena; eta halaber, hor jasotako albisteen artean, Oñatiko EH Bilduren udal hauteskundeetarako zerrendaren aurkezpen ekitaldiak jaso zituen bisita gehien.
15. albistea
Portasolgo txosnaguneko dirua lapurtu dute
2023-07-17
Portasoleko jaietako txosnagunean bildutako 15.000 euro eraman zituen lapurrak. 10:30ak aldera sartu zen lapurra Portasoleko Jai Batzordeak Markolen zuen lokal batera dirua lapurtzera, eta egun argiz izanda, bizilagunek ikusi egin zuten. Ostikada batekin lokaleko atea behera bota zuen eta zuzenean dirua zegoen tokira joan zen.