Agur-ekitaldiari udaletxean eman diote hasiera. Elburgoko lagunek eta Elayko lankide ohiek bertsoak kantatu dituzte, eta Arrasateko Txorbela otxoteak kantatu du.
Gatzagako San Migel plazan baturako herrikideak ere animatu dira kantuan egitera. Bozgorailuetatik kantuak jarraituz, Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean eta Benito Lertxundiren Oi ama Eskual Herri abestu dute.
Udaletxe aurrean egindako ekitaldiaren unerik hunkigarriena, Otsoaren emazte Mariatxen Aranzabalen eskutik heldu da. Hunkitua, han batutakoei zuzendu zaie: "Eskerrik asko azken egunetako babesarengatik. Mila esker guztioi. Zuk ereindakoa ureztatzen jarraitu behar dugu. Gora Gerra!".
Ostean, aurreskua dantzatu diote Otsoari. Alkate izandako Joserra Perez izan da horietako bat. Jarraian, elizarako bidea hartu dute. Leintz Gatzagako udalean alkate eta zinegotzi izandakoek eraman dute hilkutxa sorbalda gainean, San Millan parrokiaraino.
Han jaso du Luis Gomez parrokoaren bedeinkapena, eta etxekoen, lagunen eta herrikideen azken agurra.