Ertzaintzak adierazi duenez, abisua jaso eta lekura iritsi direnean, ikusi dute baserriko atzeko atea irekita zegoela eta sarrailak bortxatu izanaren zantzuak zituela. "Etxebizitza inguruan gerriko poltsa bat eta giltzen diru-zorro bat zeuden, baserriko jabearenak, hark hala baieztatuta. Horrez gain, sua piztean, agenteek bizikleta bat ere aurkitu dute eta jabeak ez du ezagutu", azaldu du Ertzaintzak, prentsa-ohar bidez. Suhiltzaileak lanean ari ziren bitartean, ingurua aztertzen hasi dira ertzainak eta gizonezko bat aurkitu dute, lahardi artean gordeta. Susmagarria ihes egiten saiatu da, eta lapurtutako hainbat gauza erori zaizkio bide horretan, jabeak gerora ezagutu dituenak", nabarmendu dute Ertzaintzatik.
Gaineratu dutenez, ihesean jarraitu du susmagarriak, "jarrera erasokorrarekin" baina lortu dute atzematea. Identifikatu ostean, atxilotu egin dute. "29 urteko gizonezko bat da, eta lapurreta eta baserri bati su ematea leporatzen zaio. Akusatua Ertzaintzaren esku dago eta prozedura judiziala abiatuko diote.
Baserria, guztiz kiskalita
Suhiltzaileak bi orduz aritu dira lanean eta, adierazi dutenez, dagoeneko lortu dute sua itzaltzea. Edozelan ere, oraindik kea nabaria da eta kontrol lanak egiten jarraitzen dute, lekuan bertan. Sutearen ondorioz, Sara baserria guztiz kiskalita geratu eta kalte materialak izugarriak izan dira. Jatetxeari dagokionez, Ertzaintzak dio ez duela kalte handirik jasan, baina jabeek azaldu dute ez dakitela noiz ireki ahal izango duten. Dena den, ez dute adierazpen gehiagorik egin nahi izan.