Mikel Bolinaga eta Belen Martin: "Lan asko egin dugu, baina gozatu ere bai"

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mar. 23a, 20:03

Duela 35 urte zabaldu zuten Ongi taberna eta zapatuan itxiko dute. Mikel Bolinaga eta Belen Martin pozik daude ibilbideak emandakoarekin. Arduradun berriak izango dituzte gero hotelak zein tabernak.

Noiz zabaldu zenuten?

1988an. Lehen jai nagusiak 1989ko sanmigelak eta Kilometroak festa izan ziren. Harrezkero, gelditu barik.

Zer aldatu da ordutik?

Dena. Lehen, poteo handiagoa zegoen; adibidez, egunero zegoen mugimendua. Orain ere asteburuetan parranda egon arren, ondo pasatzeko era aldatu egin da. Eta pertsonak ere asko aldatu dira. Lehen, personaje eta artista ugari zegoen; egun, baina, denak berdinak dira, bakoitza bere eskuko telefonora begira bizi da; berba gehiago egiten zen lehen. Lagunarteko giroa ere ezberdina da. Eskatzeko eta ordaintzeko erak ere aldatu dira. Pandemia aurretik hasi ziren ohiturak aldatzen.

Ez da bat bittan eskatzen?

Zerbitzari askok ez lukete ulertu ere egingo hori.

75-80 pezeta zerbezak eta kalimotxoak orduan...

Eta 30 txikitoak eta 45 zuritoak. Baina oraindik ere garagardoa eta ardoa dira gehien ateratzen ditugunak; gaueko izarrak horiek dira oraindik. Kalimotxo asko ateratzen ditugu, eta handiak, lata osoarekin; trago handiak hartzea, adibidez, pandemiak ekarri du.

Barruak ere izan ditu aldaketak.

Aurrean aldenik alde eta L forman ere egon da barra, bai. Intsonorizatzeko lanak eta lurra mugitzen zelako proba bereziak ere egin izan ditugu. 2000ko jai nagusien ostean itxi genuen azkenengoz eta 2002ko San Migel Txiki jaietan zabaldu: hotela eta egungo taberna.

Beti ibili da jendea Ongin; nola lortzen da hori?

Saiatu gara beti gertuko tratua ematen. Huskeria izango da, baina azken obra egin genuenean tabernako barra ohikoa baino baxuagoa jartzea erabaki genuen, parez pare egoteko barraren alde bietakoak. Etxekoak egon gara beti inguruan eta zerbitzarietan ere egon da transmisioa; garai batekoen seme-alabak ere ibili dira. Oso pozik gaude lanean ibili diren guztiekin.

Zer ikusi duzue barra barrutik urte hauetan guztietan?

Horrenbeste urtean profesionalizatu egiten da lana eta ikusten ere ikasi egiten da. Tabernan sartu ahalaz bat antzematen diozu jendeari zertara datorren; hau da, badakizu, adibidez, nork ez duen ordainduko. Berehala konturatzen zara zer edo nor dagoen tokiz kanpo. Zorroztu egiten da begirada.

Ligatzeko uneak ere bai, beraz.

Saiakerak eta emaitzak. Jaien ostean, esaterako, bikote berri asko ikusi izan ditugu.

Adin askotako jendea ibili arren, gazteekin egin duzue lan handien.

Horrela da, bai. Eta gazteak apartak direla esateko moduan gaude. Askotan esaten da gazteengatik bata edo bestea, baina ez hain gaztea dena berehala jartzen da urduri, adibidez, hark gura duenean kasurik egiten ez badiozu. Gazteek egoteko beste modu bat dute. Jakin egin behar da eurekin lan egiten, eta gu saiatu gara horretan. Ondo konpondu gara beti.

Zer izan da ibilbide honen onena?

Lan asko egin dugu, baina gozatu ere bai. Eskerrak ematea bakarrik gelditzen zaigu. Pertsonalki ere ederra da norberak martxan jarri duen negozio edo zerbitzu batek ondo funtzionatu duela ikustea.

Eta txarrena?

Guk egin ez ditugun edo gurean gertatu ez diren egoeren errua askotan leporatu diote Ongiri. Bestalde, tabernarioi, oro har, estutu egin gaituzte udal agintariek, adibidez, batzuek zein besteek. Oztopoak ikusita, zaila da lan honetarako gogoa izatea. Hala ere, askoz ere gauza positibo gehiago eman digu esperientzia honek txarrak baino, askoz ere gehiago. Tabernan ateratako diapositiba asko ditugu etarata eta horiek ikustean oroitzapen on asko etorriko zaizkigu.

Nolakoa izango da zapatuko agurra?

Eguerdian luntx bat egingo dugu betiko bezeroekin, lagunekin eta lanean ibili direnekin. Eta 19:00etan hasiko den festari buruz ez dakigu askorik. 35 urte hauetako kanta ezagunen zerrenda ari gara gu prestatzen.

Jarraipena

Apiriaren 1etik aurrera bi negozioak alokairuan hartu dituen enpresa berriak –Arantzazuko Santutegia hotelaz arduratzen den Iraipe Hoteles enpresa– kudeatuko du hotela; hori ez da itxita egongo. Hemezortzi gela ditu eta kanpotik herriko enpresetara datozen langileekin egiten dute lana gehien bat, nahiz eta turistak ere hartzen dituzten. Tabernarekin zer gertatuko den oraindik ez dute argitu; ez dute aurreratu noiz irekiko duten eta zein zerbitzu emango duten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak