Agur-ekitaldia hasi baino minutu batzuk lehenago, sekulako euri zaparrada bota du, eta zera adierazi du Ibone Andresek, Ekainen arrebak: "Badakizue guztiok zaparrada hau Ekainen broma bat izan dela". Ondoren, zehaztu du ez dela hileta bat, festa bat baizik: "Berak hala nahiko lukeelako egingo dugu, bera oroitzeko eta hemen utzi dizkigun anekdota guztiekin barre egiteko".
Elena Iglesias amak ere hartu du berba, zera esanez: "Zauden lekuan zaudela, seguru dagoeneko maitarazi duzula. Laguntasuna da, zalantza barik, Ekain modurik onenean definitzen duen hitza. Beti egon izan da lagun onez inguratuta, bai hemengoez eta baita munduaren beste puntatik hura agurtzera etorri direnez ere. Esaten dute uzten dugun aztarna garela; beraz, Ekain da eta izango da eragin digun irribarre bakoitza, eskaini digun minutu bakoitza, lapurtu digun bihotz-zati bakoitza eta, haren arreba eta gurasoontzat, betirako harrotasuna".
Senideen hitzen ostean, El Bille musikariak ere bi abesti eskaini dizkio haren lehengusuari eta, ostean, haren kuadrillakoek, Ointxe!-ko taldekideek eta Sevillako zein Aramaioko lagunek egin dute berba, askotariko anekdotak kontatuz eta Ekain umorez oroituz. The Claytoneko kideek ere pare bat abesti kantatu dituzte eta, bien tartean, aurresku hunkigarri bat egin diote lagunek, Aretxabaletako txistularien laguntzarekin.