Hutsune handia utzi duen Ekain Andres agurtuko dute bihar

Mirari Altube Arrese 2023ko api. 21a, 14:31

Ekain Andres bidaiako bi unetan, arrebarekin eta kuadrillarekin San Migel jaietan. (Argazkia: Andres Iglesias familia)

Vietnamen hil zen 25 urteko gaztea gogoan, agur-ekitaldia antolatu dute zapaturako; Otala Zelain izango da, 17:00etan, eta musikak, dantzak, bertsoek eta argazkiek bat egingo dute han, senideen eta lagunen kontakizunekin batera.

Martitzenean iritsi ziren Ekain Andres Iglesiasen errautsak Vietnamdik, eta bihar, zapatua, hura agurtzeko ekitaldia egingo dute Otala Zelain. Senideek eta lagunek dihardute hori antolatzen, AZ Gaubelak-ek gidatuta, eta edonori irekia izango da; baldintza bakarra da familiari gordetako lekua errespetatzea eta hara oinez igotzea, ahal den neurrian. "Ekainek merezi du halako agur-omenaldi bat, hark zuen izaera horregatik", adierazi dute senideek; eta hainbatek hartuko dute parte: Aramaioko The Clayton taldeak abesti batzuk joko ditu eta Peru Abarrategik bertso bat egin du; El Bille musikariak ere prestatu du abestiren bat –senidea da– eta Ointxe saskibaloi klubeko lagunek ere egingo diote keinuren bat. Horrez gain, senideek, kuadrillakoek eta bidaian ezagututako hainbat lagunek harekin izandako bizipenen kontakizunak egingo dituzte.

Bidaiarekin "gozatzen"

Urtarrilaren 20an abiatu zen Aretxabaletatik. Ibone arrebarekin joatea zen asmoa, hasiera batean, Asiara zihoalako praktikak egitera azken hori. Baina atzeratu egin zizkioten praktika horiek arrebari, eta bakarrik joatea erabaki zuen. "Beti izan zuen gustuko bidaiatzea eta jendea ezagutzea", adierazi dute arrebak eta Elena Iglesias amak.

Grezian, Atenasen egin zituen egun batzuk, eta handik Asiara egin zuen salto: Singapurrera, Balira, Thailandiara eta Vietnamera. Egunero zeuden hartu-ematean harekin: "Egunean bizitakoa kontatzen zigun eta milaka argazki bidali zizkigun", dio amak, eta arrebak berretsi egin du: "Egunero igotzen zuen historiaren bat Instagramera; eguneko anekdotaren bat kontatzen zuen; hortaz, bidaiako kontu guztien jakitun geunden".

Bakarrik abiatu arren beti izan zuela alboan norbait azaldu dute: "Bakarrik egon zen egun bakarrean, goiz erdian, Realaren kamiseta jantzi zuela esan zigun, eta Lekeitioko bizilagun batekin elkartu zela. Lekeitioko harekin hamabi egun egin zituen gero". Fidel Andres aitak gaineratu du lagun mordoa egin zituela, eta askorekin, gainera, harreman estua izan zuela: "Bidaian elkartu den askoren mezuak jaso ditugu. Eta horietako batzuk zapatuko agur ekitaldira ere etorriko dira; Sevillako lagunak, esaterako. Harekin bizitakoaren berri emango dute. Eivissan bizi diren errumaniar batzuk ere berria jakindakoan segituan jarri ziren gurekin harremanetan eta laguntza eskaini ziguten edozertarako. Apenas hamar eguneko harremana izan zuten, baina Ekainek arrasto handia uzten zuen".

Motor istripua

Heriotzaren berri emateko, Vietnamdik deitu zien Espainiako enbaxadako kontsulak apirilaren 7an. Motor istripua izan zuela esan zien; bidegurutze batean furgoneta bat gurutzatu zitzaion eta Aretxabaletako gazteak ez zuen ezer egiterik izan. "Bideo batean ere badago jasota hori", dio aitak. Ondorengo prozesua oso korapilatsua izan dela gaineratu du. Fidel Andresen anaia bat joan zen Vietnamera, prozesua bizkortzeko eta bertatik bertara jarraitzeko: "Gorpua ezagutu behar izan zuen, poliziarekin egon eta kontsularekin eta kontsulordearekin elkartu, besteak beste. Gogorra izan zen harendako ere. Baina hara joan izanak bizkortu egin du prozesu guztia".

Ildo horretatik, amak argitu gura izan du kanpoko laguntza handia izan dutela esan arren senideek egin dituztela gestioak: "Izugarrizko lana egin dute hara joan den Fidelen anaiak eta hemendik nire anaia batek; pisu osoa hartu dute eurek. Haiez gain, Espainiako enbaxadako kontsula eta kontsulordea ere gaiaren gainean egon dira une oro. Eta Aretxabaletako alkatearekin ere eskertuta gaude; lehenbailehen behar genituen dokumentuak lortzen lagundu digu, Aste Santuko egunetan itxita zegoelako erregistroa".

Aseguru-etxearekin, ostera, izan dute gorabeherarik: "Lagun Arok esan zigun ez zuela ezer estaltzen. Eskerrak Iati aseguru-etxearekin asegurua egin geniola; hark bere gain hartu ditu hango gestioak eta erraustea. Etxeratzearen gastua, hau da, Vietnamera joandako osabaren gastuak, ikusi egin behar; oraingoz, guk ordaindu ditugu".

Laguntza eskaera

Azken egunotan kontsulak deitu die galdetzeko istripuaren gaineko prozesu zibil edo penalik zabaldu gura duten senideek. Erabakia hartzeko aholkularitza gurako luketela adierazi dute: "Uste dugu enbaxadak abiaraziko duela prozesu judizial bat, eta kontsulordeak galdetu digu ea familiak agertu gura duen akusazio gisa. Gu, baina, ez gara halako kontuetan jakitun, eta, Vietnamgo abokatu-zerrenda bat izan arren, ez dakigu zer egin horrekin. Benetan eskertuko genuke baten batek laguntzea, aholkularitza ematea. Agian, badago halako kasuetan laguntza ematen duen erakunderen bat, baina ez dakigu, eta astelehenerako erantzun behar dugu".

"Alaia eta azkarra"

Lagunen, ezagunen eta herritarren "babes handia" jaso dute: "Gure lagunen zein Ekainen lagunen aldetik berotasun handia iritsi zaigu; ehunka mezu, dozenaka dei, besarkadak, hitz goxoak... Haiengandik ari gara indarra jasotzen". Badakite gaztearen lagunendako ere kolpe latza izan dela. "Egunero egon gara haiekin harremanetan, gestioak zelan zihoazen berri eman diegu eta animoak eman dizkiogu elkarri", adierazi du amak, eta arrebak gaineratu: "Kuadrillako zutabea joan zaiela esan digute. Izugarri igarriko dutela haren hutsunea". Baina barre egiteko aitzakiak ere eman dizkie Ekainek egunotan: "Eguaztenean haren postal bat iritsi zen Arlutz tabernara. Bertan zioen kafe benetan txarra hartu zuela egun hartan, eta, Arlutzeko Salvarekin akordatuta, etxean moduan sentitu zela".

Senideek haren bizipoza nabarmendu dute, lagunak egiteko erraztasuna, edonor animatzeko eta alaitzeko gaitasuna eta ekitaldiak antolatu eta girotzeko dohaina. "Parrandazalea zen, bai, baina ikasle azkarra ere bai. Publizitate ikasketak egiten ziharduen, urrunetik, eta ordenagailua eraman zuen lanak eta azterketak egiteko. Benetan argia zen, denetik jakiten zuen eta guk giza entziklopedia deitzen genion", azaldu du arrebak.

"Bidaian egindako lagunek bideo asko bidali dizkigute eta guztietan dago alai eta barrezka. Umetako edozein album zabalduta, beti dago irribarre batekin, pozik, pailazokeriaren bat egiten... Festetako protagonista eta arima beti zen hura, bizitza ematen ziguna etxekoen artean, kuadrillan eta zihoan leku guztietan". Eta halaxe agurtu gura dute biharko agur-ekitaldian ere, "hark merezi zuen moduan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak