Emakumerik gabeko herrialdea gelditu egingo litzatekeela utzi gura du agerian mugimendu feministak eta horretarako deitu dituzte lanuzteak martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako.
Nazioarteko greba horrek Debagoienean ere izango du jarraipena, eta lau esparrutan banatu dute: lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo esparruetan, hain zuzen ere. Sindikatuek bat egin dute lanuzteekin eta hori bultzatu dute enpresatan, nahiz eta zenbatek egingo duten jakinarazi ez eta enpresa bakoitzak erabaki zelan egin.
Ikastetxeei dagokienez, lanuzteak egingo dituzte Aranzadi, Arizmendi eta Txantxiku ikastoletan, baita Elkar Hezin eta Mariaren Lagundian ere, eta herri eskoletan ere bai, Bergarako San Martin Agirren, Oñatiko Urgainen, Aretxabaletako Kurtzebarrin eta Aramaioko San Martinen, esaterako.
Merkatari askok ere egingo dute bat deialdiarekin. Oñatiko Txanda elkartekoek, esaterako, globo moreak banatuko dituzte dendetan jartzeko, eta itxi ere egingo dituzte hainbatek. Arrasateko Ibai Artekoek, ostera, saltokiak oihal more batekin apaintzeko ekimena bultzatu dute.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak finkatu ditu; garraioan esaterako, %30 izango da; ospitaleetan, jaiegunetan lan egiten duten adina pertsonak egingo dute lan eta lehen mailako osasun arretan, zapatuetan adina langilek. Adineko zentroetan, ostera, langileen %70k. Ikastetxeei dagokienez, ateak zabalik izan beharko dituzte eta zuzendaritzako kide batek edota menpeko batek egon beharko du.
Ekitaldiak han eta hemen
Lanuztearekin batera herriz herri antolatu diren ekitaldietan parte hartzera ere deitu dituzte herritarrak. Eguerdi partean Aramaion eta Leintz Gatzagan izan ezik gainerako herri guztietan egingo dituzte elkarretaratzeak.
Ekitaldi nagusiak, baina, iluntzean izango dira. Aretxabaletan, esaterako, elkarretaratzea egingo dute.
Elgetan, ere egingo dute elkarretaratzea 19:00etan eta ondoren emakume taldea aurkeztuko dute. Aramaion zine-kafea izango da 17:30ean eta 19:30ean, aldarrikapen kalejira. Antzuolan, elkarretaratzea lehenengo eta manifestazioa gero, 20:00etan.
Bergaran, osera, mahai-ingurua egingo dute 18:00etan, herriko hainbat sektoretako emakumeen esperientziak josiz, eta 20:00etan manifestazioa amantalak, lapikoak eta erratzak eskuan hartuta. Eskoriatzan, elkarretaratzea izango da 18:00etan, Oñatin, 19:00etan eta Arrasaten manifestazioa, 20:00etan.
Emakumeen aldeko borrokara herritar guztiak gonbidatu dituzte, beti ere gizonezkoek emakumeei utzita protagonismoa.