Aretxabaletako emakumeei ere planto egiteko deia egin diete

Mirari Altube Arrese 2018ko mar. 2a, 18:00

Aretxabaletako Talde Feministak eta Udalak bat egin dute Emakumeen Nazioarteko Eguneko aldarrikapenekin, eta elkarlanean, baita UDArekin ere, egitarau mardula gertatu dute; hala, horietan parte hartzera deitu dituzte gainerako herritarrak.

Udalak eta Aretxabaletako Talde Feministak indarrak bateratu dituzte Martxoaren 8ari begira, eta Emakumeak planto leloari atxikimendua erakutsiko diote. Adierazpen ofiziala oraindik ez dute adostu bi erakundeek, baina eguenerako gertu izango dutelakoan dago Ongizate Saileko Karmele Uribarri: "Egun horretako lelo orokorra geurera egokituko dugu, geuk ere erakusteko emakumeok planto eginez gero mundua geratu egingo litzatekeela", dio; eta gaineratu du: "Eudelek proposatutako adierazpena geurera egokitzea da helburua. 2018rako lan operatibo bat dugu zehaztuta berdintasun mailan, eta hor txertatu dugu".

Gazteekin ere landu gura izan dute gaia, eta, horretarako, lehiaketa bat jarri dute abian. Egun horri begirako leloak eskatu dizkiete 12 eta 18 urte bitartekoei: "Epaimahai bat osatu dugu leloak baloratzeko eta irabazlearekin Martxoaren 8ko agerraldiko pankarta egingo dugu", jakinarazi du Uribarrik. Bigarren sari bat –50 euroko erosketa bonua– ere emango dute eta hori publikoak hautatuko du; martxoaren 5a artean bozkatu ahal izango dute herritarrek udalaren webgunean: Aretxabaleta.eus.

Egitaraua osorik

Martxoak 7, eguaztena

• 18:30 Plaza ingurua egokitu.

Martxoak 8, eguena

• 12:30 Elkarretaratze zirkularra plazan.

• 18:00 Lelo lehiaketako sari banaketa udaletxean.

• 18:30 Agerraldia plazan; ondoren Sorgin dantza.

• 19:00 Giza katea eta Jaikiko dantzarien saioa Durana kalean.

• 20:00 Antzezlana: Sex o no sex, Virginia Imazekin, Arkupen; ondoren, mokadutxoa. Martxoak 9, egubakoitza

• 18:00 Hitzaldia: Emakumearen irudia artearen historian. Ainhoa Caberoren eskutik, Arkupen.

• 18:00 Tailerra: Maitasun erromantikoa. Edurne Epeldek gidatuta, udaletxe zaharrean.

Martxoaren 5etik 30era

• Erakusketa Emakumea. Ainhoa Caberoren ikasleek.

Martxoak 10

• Frontenisa: Emakumeen topaketa frontenisean jokatzeko.

Martxoak 15

• Zinekluba: Janis filma Arkupen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak