Martxoaren 8ari begira Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu duen grebarekin bat egin eta hori Oñatin nola zabaldu prestatzen ibili da Oñatiko sare feminista urtarrila ezkero, eta dagoeneko prest du egun horren bueltan egingo diren ekintzen egitaraua.
Datorren eguena da Martxoaren 8a, eta elkarretaratzeak egingo dira eguerdian eta iluntzean: 12:00etan Olakua auzoan eta Foruen plazan egingo dira eta 19:00etan plazan. "Elkarretaratze dinamikoak izango dira. Tarte horretan plaza eta inguruak apainduko ditugu amantalez eta kartelez, esaterako. Eta hori elkarretaratzera joan diren herritarrekin batera egingo dugu. Hantxe banatuko ditugu astean prestatu ditugun materialak eta guztion artean inguruak apainduko ditugu, mezua zabalduz", dio Oñatiko sare feministako kide Jone Arrazolak. Olakua auzoan egingo duten elkarretaratzea Lagun Lekuko erretiratuek
deitu dute eta han ere ikusiko dira amantalak. Amantalak eta aldarrikapen mezuak. "Astelehenean elkartuko gara ikusteko zer material dugun eta zer gehiago behar dugun. Gure asmoa da egueneko elkarretaratzea egiten dugunerako auzoa, Olakua, apainduta egotea. Litekeena da bezperako egunetan hastea lan horretan. Astelehenean adostuko dugu nola eta noiz egin", dio Lagun Leku erretiratuen elkarteko Marilo Untzurruntzagak.
Lanuzteak
Emakumeak planto lelopean, lanuzteak egitea ere babestu du Oñatiko sare feministak. 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara deitu dituzte. "Deialdiak dira, baina asmoa ez da enplegu geldialdia egitea bakarrik, berdintasunaren alde bakoitzak bere esparrutik zer egin dezakeen hausnartzea eta kon tuan hartzea baizik. Fokua etxeko lanetan jarriko da. Greba hau berezia bada, horregatik da berezia, ikusarazi gura delako emakumeak bere lanean, zereginetan, planto egiten badu inguruko dena nola eta ze neurriraino aldatu edo aldrebesten den", azaldu du Arrazolak.
Martxoaren 8an greba egiteko arrazoiak asko direla dio Arrazolak, "indarkeria, arrazakeria, estereotipoak eta eredu ekonomikoan dauden ezberdintasunak tartean", baina oraingoan fokua arlo pribatuan jartzea dela asmoa dio Arrazolak: "Etxeko lanetan, ordaintzen ez diren lanetan, adibidez, erreleboa hartzera animatzen ditugu gizonezkoak, ikusteko emakumeak zer lan egiten duen eta zenbat". Grebaren arrazoiak eta zergatiak azaltzen ere ibili dira sare feministako kideak herrian; ikastetxeetan, esaterako.
Martxoaren 8ari begira, baina, ekintza guztiak ez dira egunean bertan egingo. Aurreko eta ondorengo egunetan ere ekitaldi ugari egingo dituzte Oñatin. Udalbatzak bat egin zuen antolatutako egitarauarekin otsaileko osoko bilkuran. "Elkarretaratzeak, lanuzteak eta zineklubeko saioa egongo dira egun horretan eta herritar guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera", adierazi zuen Leire Zumaldek, Berdintasun zinegotziak,
osoko bilkuraren amaieran.
Gehiago
Bihar, zapatua, Elorregin 12:00etan egingo den kale agerraldirako irteera prestatu dute. "10:45ean elkartuko gara Eltzian eta bizikletaz zeharkatuko dugu herria, Kasablankan bidegorria hartu arte. Herritar guztiak daude gonbidatuta", dio Oñatiko sare feministako kide Lurdes Arregik. Astelehenean, La casa
de Bernarda Alba antzezlanaren solasaldi literarioa egingo dute, kultura etxean. 30 lagunetik gora joango dira. "Hor lantzen den gairik funtsezkoena da nola gizarte patriarkal honek zapaltzen dituen ezberdinak diren emakumeon aukerak: tradizioa, autoritarismoa, aurreiritzia... Horren aurrean zer erantzun eman ditzakegun aztertzeko aukera ematen du", dio Caritas elkarteko Iratxe Barrusok. Irteerak, emakume artisauen azoka, bazkaria eta kontzertuak ere egongo dira. Bazkarirako txartelak Ona, Arrano eta Oñati tabernetan daude salgai sei eta hamabi eurotan.