"Emakumeen memoriaren berreskuratzea" oinarri, Martxoaren 8ko ekintzatan

Mireia Bikuña 2018ko ots. 26a, 14:25

Erakusketa, azoka, tailerra,  mahai-ingurua, bakarrizketa eta elkarretaratzea dira, besteak beste, Arrasaten egingo diren ekintzak. Emakumeen Mundu Martxako Arrasateko taldeak, Ekin Emakumeak taldeak, Pottogorriak, Gune Iraunkor Feministak eta IMME-k egin dute elkarlana, Arrasateko Udaleko Berdintasun Sailarekin.

Maria Ubarretxena alkateak eta Arantza Beitia Berdintasun teknikariak aurkeztu dute Martxoaren 8aren harira, herrian egitekoak diren ekintzak. Izan direlako, gara lelopean egingo dituzte ekintza guztiak. "Emakumeon memoriaren berreskuratzea sustatu gura dugu. Historian zehar emakumeon  eta mugimendu feministaren lorpenak sistematikoki ezabatuak izan dira. Gutxiespen horri aurre egiteko gure eskubideen aldeko aldarrikapenak eta gure lanak eta lorpenak ikustarazi nahi ditugu", esan du Arantza Beitiak.

Hauek dira egingo diren ekintzak:

  • Emakumeon martxa: martxoaren 3an, Biteri plazatik Elorregiraino.
  • Manifestazioa: martxoaren 8an, Sanbamaña batukadaren laguntzarekin, Seber Altubetik irtenda.
  • Erakusketa: martxoaren 5etik 16ra egingo dute Emakume Txokoan, kartel lehiaketara aurkeztu ziren hemeretzi lanak erakutsiko dituzte.
  • Baserritarren azoka: martxoaren 10eko azokan postua ipiniko du Emakume Txokoan. Bertan, Tribial Feministan jokatzeko aukera izango dute erosleek. Erosketa bakoitzarengatik, tribialean jokatzeko txartel bat eskuratuko dute. Tribialeko galdera zuzen erantzuten dutenek, doan jasoko dute tribiala.
  • Zinegoak film laburrak: martxoaren 14an,  Bilboko Gaylesbitrans XV. nazioarteko jaialdiko film laburrak emango dituzte, Kulturaten.
  • Hots hiru ahots bakarrean poesia musikatua: martxoaren 16an, Itsaso Borda eta Itsaso Gutierrezekin
  • Mahai-ingurua: martxoaren 21ean, Gestazio subrogatuaren inguruan, Itziar Alkortarekin, Josebe Iturriotzekin eta Maria Garciarekin, Kulturaten.
  • No solo duelen los golpes bakarrizketa: Pamela Palencianorekin, Kulturaten.
  • Gure genealogia feministak tailerra: apirilaren 17an eta 24an, eta maiatzaren 8an eta 15ean, Iraitz Agirrerekin.

Emakume Txokoaren kontrako erasori buruz

Bestalde, aurreko egubakoitzean, Emakume Txokoaren kontrako erasoa "irmoki salatzeko" prentsa oharre kaleratu du Arrasateko udal gobernuak. Ezezagun batzuek harri bat bota zuten sarrerako atearen kontra, barruan, ikastaro bat eman ari zirela. Horren aurrean, "elkartasuna" adierazi die Emakume Txokoko langileei eta erabiltzaileei.

Era berean, azaldu dute, "erabateko gaitzespena" erakutsi gura dutela emakumeei egindako edozein indarkeria motaren aurka; eta, ozenki adierazi gura dutela "jarrera erasotzaile, antidemokratiko, xenofobo eta sexistek ez dutela lekurik Arrasaten".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak