Martxoaren 8rako antolatuta ekintzetan parte hartzeko dei egin dute Elgetan ere

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko mar. 3a, 09:00
Martxoaren 8a aldarrikatzeko Elgetan lanean diharduen emakume taldea, amantalak soinean.

Emakumeen Nazioarteko Egunean aurkeztuko dute Elgetako emakume taldea. Aurretik, hitzaldi bat, herriko hainbat emakumeren zaletasunak ikusaraziko dituen erakusketa eta Martxoaren 8ko elkarretaratzea egingo dituzte herrian.

Hogei bat emakume elkartu dira aurten Martxoaren 8ko ekintzak prestatzeko, eta Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatu ostean lanean jarraitzeko asmoa agertu dute. "Lan dinamika bat jarri nahi dugu martxan", adierazi dute. "Ikusiko dugu hilean behingo maiztasunarekin ekintzak antolatzeko indarra dugun".

Jakinarazi dute Martxoaren 8ko elkarretaratzearen ostean egingo dutela taldearen aurkezpen ekitaldia, eta antolatutako ekintzetan parte hartzeko dei egin dute.

Astelehenean, martxoak 5, hitzaldia egingo dute Elgetan Julia Mongek eta Zuriñe Rodriguez Larak. Eguenerako, berriz, balkoietatik amantalak eskegitzeko dei egin du emakume taldeak, eta baita antolatuta dauden elkarretaratzeetan amantalak soinean parte hartzeko. 19:00etan izango da bilkura nagusia. 11:00etarako beste bat dago deituta.

Iluntzeko elkarretaratzearen ostean, Garbiñe Sarasketak sortutako Amamaren amantala izeneko idatzia irakurriko dute plazan, eta herriko musika ikasleen parte hartzearekin Konplizeak ditut eta kantua abestuko dute. Ai ama! antzezlan saio laburra ere eskainiko du Urflax pailazoak.

Ekitaldiak Salbador kalean izango du jarraipena; izan ere, Elgetako hainbat emakumeren zaletasunak abiapuntu hartuta osatu den erakusketaren irekiera egingo du Udalak. Oraingoz, hamasei emakumek baieztatu dute parte hartzea.

Erakusketa domekara arte egongo da zabalik. Martxoaren 8an 21:00ak arte egongo da ikusgai, eta biharamunean 19:00etatik 21:00etara. Zapatuan 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Domekan, aldiz, 12:00etatik 14:00etara irekiko dute.

Emakumeen Martxa, gaur

Debagoien mailan, bestalde, Emakumeen Martxa egingo dute gaur. Nor bere herritik abiatuta, Elorregiko biribilgunean egingo dute guztiek bat. Antzuolarrak, elgetarrak eta bergararrak 10:00etan abiatuko dira Bergarako azokatik. Amantalak eramateko eskaera egin dute deitzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak