Aramaioko Udalak bat egingo du Martxoaren 8rako mugimendu feministak deitutako grebarekin, eta "bere esku dauden erraztasun guztiak" emango ditu egun horretan nahi duten emakumeek greba egin ahal izateko, onartutako adierazpenaren arabera. Era berean, aramaioarrak mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen ditu. Azkenik, Udalak "bere konpromisoa berresten du parekidetasunaren bidean herritarrekin batera aurrerapausoak egiten jarraitzeko eta zehar lerroan bere jardun guztietan parekidetasuna lantzen jarraitzeko".
Horri lotuta, Martxoaren 8rako hainbat ekintza antolatu dituzte Itur-zuri elkarteak eta mugimendu feministak: 11:00etan, 15 minutuko elkarretaratzea egingo dute plazan. Arratsaldean, berriz, bi ekintza izango dira: batetik, 17:30ean, kafe-tertulia egongo da kultura etxean eta ondoren, 18:00etan, Volar filma egongo da ikusgai. Bestetik, 19:30ean, aldarrikapen kalejira egingo dute kalez kale, herriko trikitilariek eta dantzariek lagunduta. Ondoren, luntxa egongo da.
Bestalde, martxoaren 10ean –zapatua–, Emakumeen Bazkaria egingo dute Añai tabernan, 14:00etan. Izena emateko aukera egongo da Itur-zuri elkartearekin harremanetan jarrita: 685 76 13 43 (Carol), 679 24 37 97 (Itziar) eta 655 71 17 78 (Arantza) telefonora deituta edota iturzuri@ gmail.com helbidera mezu bat idatzita. Izena emateko azken eguna domeka izango da –hilak 4–. Prezioa, berriz, 25 euro.
Egunari begira, mugimendu feministak herritar guztiak animatu nahi ditu etxeko balkoietan eta leihoetan amantalak zintzilika ditzaten.
Sahararen alde
Otsailaren 27an 42 urte bete dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zenetik. Urteurrena baliatuz, gaur egun herri hori jasaten ari den errepresioa salatzeko adierazpena ere onartu zen osoko bilkuran. Adierazpen horretan salatzen da, besteak beste, "saharar herria inoiz baino lotuago" dagoela "autodeterminaziorako eta independentziarako eskubide legitimoei". Horrez gain, "Maroko potentzia esplotatzailea" jotzen du "errepresioaren eta baliabide naturalen espoliazioaren" erantzuletzat. Hori dela eta, beste hainbat eskaera eta salaketa egiten dira adierazpenean.
'Minority Safe-Pack'
Onartutako beste adierazpena da Europar Batasunak aintzat har dezan hizkuntza gutxituei babesa emateko sortu den Minority Safe-Pack ekimena eta estatuei eska diezaien ekimen hori babestea eta sustatzea.