Liderra hartu zuen etxean Eskoriatzak egubakoitzean, eta garaipena eskura izan bazuten ere, bi puntuak Donostiara alde egin zuten. Partidu oso borrokatua izan zen, eta norgehiagoka galtzearen gakoa azken laurdenean huts egindako jaurtiketa libreetan egon zen; bederatzi jaurtiketa huts egin zituzten etxekoek.
Lehenengo laurdena markagailuan gainetik zeudela amaitu zuten, Fernando Raso entrenatzailearen arabera, defentsan sekulako lanak eginez. Hurrengo laurdenetan, Alde Zaharra taldekoek aurre hartu zuten markagailuan eta partidu osoan zehar lau eta bederatzi puntu aldeko errentarekin jokatu zuten. Norgehiagokako azken minutura hiru puntuko aldearekin heldu ziren eskoriatzakoak, hala ere, ez zuten behar bezala jokatu eta partidua galdu zuten.
Galdu arren, harro
Rasoren esanetan, taldeak esfortzu ikaragarria egin zuen eta oso harro amaitu zuten egindakoaz; duela bost aste Alde Zaharrak taldearen aurka 25 puntuko aldagatik galdu zuten, eta egubakoitzean galdu arren, taldeak pozik amaitu zuen egin zuten lanagatik.