Hogeita bost minutuz, aurkari duina izan zen Gasteizeko taldea; ostean amore eman zuten eta norgehiagoka amaiera lasaia izan zuten Larreategiren mutilek. Hala ere, hirugarren laurdenera arte, hainbat momentutan bazterrak nahasi zituen Fundacion 5+11 taldeak, Arrasatekoen jokoa trabatuz eta erasoan huts egiteak eraginez.
Garaipena ordea, beste behin Iturripen geratu zen. Denboraldi osoan ez duten punturik galdu bertan Arrasatekoek, eta hemendik eta amaierara EBA mailarako txartela lortzeko gotorleku izaten jarraitu beharko du Iturripeko kantxak.
56 puntu saski azpian
Gasteizko taldea hanka motz etorri zen zapatuan Iturripera, izan ere, taldeko bi pibotak min hartuta zeuden eta ez zuten norgehiagokan parte hartu. Hori horrela, MUkoak min handia egin zieten Caja Laboral Baskonia taldeko filialari, 56 puntu egin zituzten saski azpian, 14 Paul Isasak.
Partidua gogor hasi zuten etxekoek, eta defentsan lana eginez, zortzi puntuko aldeaz amaitu zuten lehenengo laurdena(17-9).
Bigarren laurdeneko markagailua Mikel Arejolaeibak estreinatu zuen bi hiruko jarraian saskiratuz, eta markagailuan alde polita lortu bazuten ere, hiru minutu txar egin ostean, Fundacion 5+11koak gerturatu egin zitzaizkien. Gasteizko jokalariek barneraketekin min handia egin zioten arrasateko defentsari, eta etxekoak erasoan hiruko marratik saiatu baziren ere, ez ziren fin ibili. Atsedenaldira heltzeko bi minuturen faltan, Larreategik hutsartea eskatu zuen eta ostean beste talde bat kantxaratu zela zirudien. Kantxa osoan presioa egiten hasi ziren etxekoak; eta taldea kontraerasoan fin eta baloiak saski azpira sartzen hasi zen, Isasaren altuera aprobetxatzeko. Aldageletarako bidea, 40-32ko markagailuarekin egin zuten.
Laurden erabakigarria
Hirugarren laurdenean partidua erabaki zuten etxekoek. Nahiko parekatuta hasi zen arren, kontraerasoan ondo jokatuz eta batez ere defentsan estutuz, hamabosteko aldea lortu zuten laurdena amaitzeko lau minutu falta zirenean(57-42). Lau minutu horietan ere, bosgarren martxa sartu zuten arrasatearrek, Arejolaleiba eta Ceciagaren gidaritzapean eta partidua guztiz erabakita utzi zuten. Izan ere, azken hamar minutuetan gasteizekoek amore eman zuten eta falta asko egon ziren arren, bi puntuak Iturripen geratuko zirela argi zegoen.
EBA mailarako txartela lortzeko beste urrats bat eman zuten zapatuan Larreategiren mutilek, eta datorren astean, Tabirakoren aurkako neurketari begira amaitu zuten norgehiagoka.