Ez zen giro Eztelako futbol zelaian. Euria gogor ari zuen tarteka eta baita haizea ere. Hala ere, asko izan dira Antzuola eta UDAren arteko derbia ikustera joan direna, baita Aretxabaletatik ere.
Ohiko derbia
Bi taldeen arteko lehia gogorra izan zen. Parekatua eta trabatua. Zelai erdian oso borrokatua eta baloi luze askokoa.
UDA ondo ari da azkenaldian, baina, Antzulakoentzat etxeko zelaia gotorleku izan ohi da eta atzo ere zail egin zitzaien kanpotarrei zelai txikira ohitzea.
Horrenbestez, ez zen talde bat bestearen gainetik gailendu, baina biek izan zituzten gola egiteko aukerak. Esaterako, UDAko Iker Sanchezek aukera garbia izan zuen markagailuan aurrea hartzeko, Antzuolako atezainaren aurrean bakarrik gelditu zenean. Ez zuen, baina, ondo aprobetxatu. Antzuolako Ander Aranak ere izan zuen berea, falta jaurtiketa baten ostean, baina UDAko atezaina fin ibili zen. Azkenean, atsedenaldira 0-0eko emaitzaz.
Bigarren zatian, golak
Bigarren zatia ere lehenaren jarraipena izan zen. Hala, partidua hutseko berdinetarekin amaitu behar zela uste genuenean, bi ezusteko eman ziren. Norgehiagoka amaitzeko hiru minutu falta zirenean, Julen Zaitegik area barruan baloi solte bat jo, antzuolako jokalari baten bizkarrean eman, atezaina despistatu, eta barrura. Horrek zoramena ekarri zuen jokoan. Azken minutuak azkarrak izan ziren, tentsioz beteak. Antzuolako jokalariak golaren bila hasi ziren. Hain justu, Mikel Gomezek izan zuen lehia berdintzeko aukera hegaletik erdiratutako baloi bati buruz ematean, baina ez zuen lortu. Halako batean, Antzuolako atezaina larregi irten eta Josu Arizmendiarrietak ondo aprobetxatu zuen urrutiko jaurtiketa batekin UDAren bigarrena egiteko.
Hala, aretxabaletarrendako izan da garaipena eta sailkapenean bigarren dira orain. Hurrengo astean lehia erabakigarria dute zuzeneko aurkari baten aurka: Aurrera. Antzuolak, bestalde, gaurkoan ere ezin izan ditu mailari eusteko behar diren 40 puntuak eskuratu. Azken bi partiduak ere galdu egin ditu. Ea hurrengoan lortzen dituen Zarautzen etxean.