Bergarak etxean berdindu du eta Aloña Mendik irabazi etxetik kanpo

Mirian Biteri 2014ko mar. 23a, 20:19

Partidu menderatu bazuen ere, Bergarak ezin izan zuen golik egin, eta 0-0 amaitu zuen Hondarribiaren kontra atzo jokatutako lehia. Oñatiko Aloñako Mendiko mutilak, berriz, hiru punturekin itzuli ziren Azkoititik.

Bergararrendako gazi-gozoa izan zen zapatuan Hondarribiaren kontra etxean jokatutako norgehiagokaren emaitza. Esan bezala, Bergarak partidu osoan baloiaren kontrola izan bazuen ere, ezin izan zuen golik egin, eta berdinketarekin amaitu zen lehia.

Lehen zatian, bosgarren minutuan izan zuten Aitor Arrateren mutilek gola sartzeko lehen aukera, baina baloiak zutoina jo zuen; eta atsedenaldira arte ez zuten aukera garbi gehiagorik izan. Bigarren zatian, ordea, bat baino gehiago izan zituzten, baina ez ziren kapazak izan aurkarien atea zeharkatzeko, eta, esan bezala, 0-0 bukatu zen partidua.

Aloña Mendik lan asko

Bestalde, Aloña Mendiko mutilak pozik etorri ziren Azkoitiko Txerloia futbol zelaitik. Lan asko egin behar izan zuten Andoni Azkargortaren jokalariek, baina, merezi izan zuen, 0-1 irabazi zioten-eta norgehiagoka bigarren dagoen Anaitasunari.

Lehen zatian oso parekatua ibili ziren bi taldeak, baina, 43. minutuan oñatiarrak aurreratu zituen Unai Bikuñak. Bigarren zatian erosoari ekin zioten Anaitasunakoek, baina defentsan ondo ibili eta azken hamar minututan Aloña Mendi hamar jokalarirekin geratu bazen ere, etxekoek ezin izan zuten berdinketa lortu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak