Bailara, tinko euskararen alde

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko uzt. 24a, 12:00

Aurreko zapatuan Debagoieneko hainbat herritan egindako elkarretaratzeak.

Debagoieneko udaletan ez dute ezkutatzen Espainiako Auzitegi Gorenaren azken ebazpenak kezka eragin dienik. Euren eguneroko jardunean nola eragin dezakeen aztertzen ari dira, baina garbi dute euskararen alde lanean jarraituko dutela.

Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren aurka ebatzi du. Hala, Udal Legearen dekretutik euskara indartzeko neurri gehienak baliogabetu ditu. Epaia salatzeko eta euskararendako justizia eskatzeko dei egin zuen zapaturako Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), eta hainbat herritan egin zituzten elkarretaratzeak.

Astebete igaro da, eta Euskalgintzako Kontseiluak gaur eguerdirako deitu du agerraldia. Bilbon dagoen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean elkartzera deitu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alkateak eta udal hautetsiak.

Debagoieneko alkateek ere larritzat jo dute sententzia, "euskararen normalizazioan aurrera egitea oztopatzen" duelako eta "udaletatik demokratikoki bideratzen diren hizkuntza-politikak mugatzen" dituelako.

"Epaiak ulertzera ematen du, euskara ofiziala izan arren, erdara makulu ez badu, ez duela baliorik", adierazi du Bergarako alkate Gorka Artolak, eta Oñatikoak, Izaro Elorzak, gaineratu du ez direla mugatzen hizkuntza eskubideen aurka egitera: "Euskal herritarren eta euskara eurena sentitzen dutenen aurkako erasoaldi zuzenak dira ekintzok".

"Euskara larrialdi linguistiko egoeran dago, azken asteetan argitaratutako datuek eta ebidentziek ez dute etorkizun onik iragartzen, eta egoera hori larriagotu egiten da horrelako epaiekin", azaldu du Asier Agirre Aramaioko alkateak. "Eskuin muturreko espainiarrek garbi dute hizkuntza dela nazio baten ezaugarri garrantzitsuena, eta horregatik egiten dute euskararen aurka. Tamalez, iruditzen zait euskaldunok ez daukagula hain garbi", dio Olatz Lezetak, Antzuolako alkateak; eta Dorleta Elkorobarrutia Leintz Ga tzagakoak erantsi du "gaztelaniaren hegemonia blindatzen" jarraitu nahi dutela.

Eragina udalen jardunean

Udalen jardunean nola eragingo duen galdetuta, aztertzen ari direla diote guztiek, baina Arrasateko alkate Maider Morrasek zerbait gehiago ere aurreratu du: "Epai honek udalerrien hizkuntza-politika aktiboei mugak jar diezazkieke, bereziki, langileen hautaketa, barne funtzionamendu eta herritarren arretarako hizkuntza-irizpideei dagokienez. Horrek arriskuan jar ditzake orain arteko pausoak eta politika normalizatzaileak, eta horrek zuzenean eragiten dio herritarrari. Epaiak udalen hainbat eskumen nabarmen mugatzen dituenez, ezingo dira neurri zehatzak ezarri euskararen normalizazioaren alde, eta, praktikan, gaztelaniaren erabilera sendotzen du". Aurrekoekin bat eginda, gaia aztertzen ari direla azaldu du Eskoriatzako Udaleko Euskara zinegotzi Xabi Uriartek ere, eta hauxe gaineratu: "Printzipioz, euskarak lehentasunezko hizkuntza izateari uzten dio, baina lege markoak ematen dituen aukerak baliatuko ditugu euskaraz jardun ahal izateko". Izan ere, "euskaraz jardutea da herritarrengandik gertu egotea", Izaro Elorzaren esanetan: "Zer litzateke gure Udala herritarrek gertuko sentituko ez balute? Euskararen aurka egitea edo herritarrei arreta natural bat ez eskaintzea al da udalon funtzioa?". Era berean, guztiak bat etorri dira gauza batean: euskaraz lan egiten duten arren, gaztelerazko arreta eskatzen duenak bermatuta duela hala jasotzea, eta euskara lehenesten dutela esaten dutenean ez direla esaten ari gaztelania baztertzen dutenik.

Konpromisoen garaia

"Herritarren hizkuntza eskubi deak bermatzea ez da aukera bat, betebehar demokratikoa baizik. Legebiltzarrak euskararen aldeko neurriak babesteko konpromiso sendoa erakutsi behar du", azaldu du Gorka Artolak. "Ezinbestekoa da legebidea gurea izatea. Legeak gaztelaniaren hegemoniatik arautzen diren bitartean, ezinezkoa izango da oso-osorik euskaraz bizitzea", erantsi du Dorleta Elkorobarrutiak. Elgetako alkate Ibon Unzetabarrenetxeak hau esan du: "Euskara ez da luxu bat, eskubide bat baizik, eta, hizkuntza gutxitua izanik, gure betebeharra da hura babestu eta sustatzea". Konpromisoak hartzera dei egin du Gari Iturbek, Aretxabaletako alkateak: "Alde batetik, jendarte bezala ekin behar dugu; bestetik, erabaki-guneetan konpromiso irmoak hartu behar dira euskararen aldeko neurriak babesteko". Eman daitekeen erantzunik irmoena egunerokoan euskaraz bizitzea dela azaldu du Asier Agirrek, eta Maider Morrasek lasaitasun eta konfiantza mezua helarazi die herritarrei.

Elkarrizketak

  • [ANTZUOLA] Olatz Lezeta: "Euskararen etorkizuna jokoan jartzen du epaiak".
  • [ARAMAIO] Asier Agirre: "Aramaioko Udalak euskaraz funtzionatzen jarraituko du".
  • [ARETXABALETA] Gari Iturbe: "Euskara, esparru ezberdinetatik ari da erasoak jasaten".
  • [ARRASATE] Maider Morras: "Gizarte mailako erantzuna ematea ezinbestekoa da".
  • [BERGARA] Gorka Artola: "Gure jardunaren oinarria beti izango da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea".
  • [ELGETA] Ibon Unzetabarrenetxea: "Euskara eskubide bat da, lehenetsi eta bermatu beharrekoa".
  • [ESKORIATZA] Xabier Uriarte: "Orain arte egindako aurrerapausoen kontra dator epaia".
  • [LEINTZ GATZAGA] Dorleta Elkorobarrutia: "Euskararen erabilera lehenesten eta sustatzen jarraituko dugu".
  • [OÑATI] Izaro Elorza: "Ez dira soilik hizkuntza baten kontra egitea bilatzen duten ekintzak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak