Maider Morras: "Gizarte mailako erantzuna ematea ezinbestekoa da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko uzt. 24a, 12:12

Arrasateko alkate Maider Morras.

Arrrasate Udalean ez dute ezkutatzen Espainiako Auzitegi Gorenaren azken ebazpenak kezka eragin dienik. Maider Morras alkateak eman dizkigu xehetasun gehiago.

Zein balorazio edo hausnarketa eragiten dizu epai horrek?

Epai honek atzerapauso nabarmena dakar euskararen normalizazioan eta hizkuntza-eskubideen aldeko borrokan. Euskararen aldeko politika publikoak auzitan jartzen ditu, eta administrazioek hizkuntza gutxituak babesteko duten eskumena zalantzan uzten du. Gure herriko errealitate soziolinguistikoa eta euskaldunen hizkuntza-eskubideak ez ditu aintzat hartzen, eta horrek kezka sakona sortzen du.

Zein helbururekin ebatzi da epai hau zure ustez?

Epai honek uniformizazio juridiko eta linguistikoa inposatzeko helburua du, estatu mailako egitura jakin baten mesedetan. Herri bezala zapaldu eta desagerrarazi nahi gaituzte. Autogobernuaren murrizketa gisa ere interpreta daiteke, eta euskararen sustapen instituzionala mugatzeko saiakera baten barruan kokatzen da.

Aztertu duzue zertan eragin diezaiokeen Udalaren jardunari?

Bai, aztertzen ari gara. Epai honek udalerrien hizkuntza-politika aktiboei mugak jar diezazkieke, bereziki langile hautaketa, barne funtzionamendua eta herritarren arretarako hizkuntza-irizpideei dagokienez. Horrek arriskuan jar ditzake orain arteko pausoak eta politika normalizatzaileak, eta horrek, zuzenean eragiten dio herritarrari. Epaiak udalen hainbat eskumen nabarmen mugatzen dituenez, ezingo dira neurri zehatzak ezarri euskararen normalizazioaren alde, eta praktikan, gaztelaniaren erabilera sendotzen du. Honen aurrean herrialde moduan gizarte mailako erantzuna ematea ezinbestekoa da sententzia salatuz, legezko baliabideak aztertuz eta gizartea sentsibilizatuz.

Zure Udalean egunerokoan euskara da nagusi? Kexarik jaso duzue horregatik? Zenbat?

Gure udalerrian, euskara da administrazioaren lan hizkuntza nagusia eta herritarren arteko harremanetan ere oso presente dago. Kexak oso urriak dira, eta oro har, herritarrek normaltzat eta zilegitzat jotzen dute euskara ardatz duen jarduna. Aurrera begira ere udal mailan euskara sustatzeko neurriei eustea ezinbestekoa izango da, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko.

Ekiteko garaia dela azpimarratu da UEMAk deituta zapatuan egindako elkarretaratzeetan. Besteak beste, botere legegileari lege babes sendoagoa eskatu diote. Ezinbesteko jotzen duzu?

Bai, ezinbestekoa da. Epai honek agerian uzten du lege-mailako babes sendoago baten premia. Euskararen normalizazioak ezin du Espainiako auzitegien interpretazio juridiko hutsetan egon oinarrituta. Legeak eta arauak sendoagoak izan behar dute, eta hori botere legegilearen ardura da.

Hautetsi eta euskaltzaleen konpromiso pertsonala ere eskatu dituzte. Buru zaren udalean jarraituko duzue herritarren hizkuntza eskubideak defendatzen eta euskararen normalizazioaren mesedetan?

Zalantzarik gabe. Gure konpromisoa irmoa da eta hala izaten jarraituko du. Herritarren hizkuntza-eskubideak ez dira auzitan jarri behar, eta euskara biziberritzeko lanak ez du etenik izango. Epaiak epai, gure jardun instituzionalean euskarak lehentasuna izango du.

Herritarrei zein mezu helaraziko zenieke?

Gure herritarrei lasaitasun, konfiantza eta mobilizaziorako deia helarazi nahi diegu. Udalean lanean jarraituko dugu euskararen alde, eta ez dugu atzera egingo hizkuntza-eskubideak defendatzeko bidean. Elkarrekin, indarrez eta determinazioz, euskararen aldeko politika sendo eta eraginkorrak mantenduko ditugu.

Gaur Euskal Herriko hainbat alkatek Bilbon egingo dugun agerraldian parte hartuko dut, epaia salatzeko eta euskararen defentsa egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak