Zein balorazio/hausnarketa eragiten dizu epai horrek?
Euskara, esparru ezberdinetatik ari da erasoak jasaten. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabaki hau bide berean doa eta instituzioek euskararen normalizazioaren bidean ematen ari diren pausoen aurka dator.
Zein helbururekin ebatzi da epai hau zure ustez?
Euskararen normalizazioaren bidean, erakundeetatik emandako urratsak oztopatu nahi ditu epai honek.
Aztertu duzue zertan eragin diezaiokeen Udalaren jardunari?
Oraindik ez dugu aztertu
Zure Udalean egunerokoan euskara da nagusi? Kexarik jaso duzue horregatik? Zenbat?
Aretxabaletako udalean euskara da gure funtzionamenduaren oinarria. Euskaraz jardutea eta pausoak ematen jarraitzea, euskararen normalizazioan urratsak ematen jarraitzea da. Honek ez du esan nahi inoren kontra jarduten dugunik, herritarren hizkuntza eskubideak bermatu nahi ditugu,
Ekiteko garaia dela azpimarratu da UEMAk deituta zapatuan egindako elkarretaratzeetan. Besteak beste, botere legegileari lege babes sendoagoa eskatu diote. Ezinbesteko jotzen duzu?
Bai. Alde batetik, jendarte bezala ekin behar dugu eta, bestalde,, erabaki guneetan konpromiso irmoak hartu behar dira euskararen aldeko neurriak babesteko. Konpromisoak hartzeko garaia da.
Hautetsi eta euskaltzaleen konpromiso pertsonala ere eskatu dituzte. Buru zaren udalean jarraituko duzue herritarren hizkuntza eskubideak defendatzen eta euskararen normalizazioaren mesedetan?
Noski. Euskararen egoera ikusita gainera, pausoak ematen jarraitu behar dugu.
Herritarrei zein mezu helaraziko zenieke?
Gaurkoan epai bat izan da, bihar beste oldarraldi bat izan daiteke. Bakoitzak beretik eta bere inguruan eragiten jarraitzeko mezua luzatzen dut. Euskarak behar gaitu.