Izaro Elorza: "Ez dira soilik hizkuntza baten kontra egitea bilatzen duten ekintzak"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko uzt. 24a, 12:08

Oñatiko alkate Izaro Elorza.

Oñatiko Udalean ez dute ezkutatzen Espainiako Auzitegi Gorenaren azken ebazpenak kezka eragin dienik. Izaro Elorza alkateak eman dizkigu xehetasun gehiago.

Zein balorazio/hausnarketa eragiten dizu epai horrek?

Ez dira soilik hizkuntza baten kontra egitea bilatzen duten ekintzak. Ez dira hizkuntza eskubideen aurka egitera mugatzen. Harago doaz. Zerbait politikoa da. Nolabait esatearren, euskal herritarren eta euskara euren sentitzen dutenen aurkako erasoaldi zuzenak dira ekintzok. Gure lurraldearen ondare nagusi da euskara, eta horren kontra egitea bilatzen dute, herritarren borondatetik aldendurik. Izan ere, VOX alderdi ultraeskuindarretik datorren helegite bat du oinarrian epai berri honek, eta, gogoan izan, VOXek ez duela ordezkari bakar bat ere Euskal Herriko Udaletan. Beraz, bozka bidez, herritarren balizko onespenarekin, lortu ezin izan duten hori lortzeko bestelako bideak ari dira erabiltzen. Epai horrek dakarrenak ez du ordezkatzen gure lurraldeko herritarren borondatea.

Zein helbururekin ebatzi da epai hau zure ustez?

Euskara bigarren mailako hizkuntza bilakatzea da helburua.

Aztertu duzue zertan eragin diezaiokeen Udalaren jardunari?

Administrazioan zuzenean eragin dezake. Azken hamarkadetan erakundeak euskalduntzeko egindako lanean atzera egitea ekar dezake. Euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzen du. Adibidez, udal langileek herritarrari lehen hitza euskaraz egiteko irizpidea baliogabetu du epai honek. Serio hartu behar dugu, euskarari behar duen lekua egin behar zaio, gaztelaniaren mendeko izan gabe. Udalok gertu egon behar dugu herritarrengandik, eta, batzuei asko gustatu ez arren, zorionez, oraindik, behintzat,, euskara da nagusi Oñatin. Euskaraz jardutea da herritarrengandik gertu egotea. Zer litzateke gure Udala herritarrek gertuko sentituko ez balute? Euskararen aurka egitea edo herritarrei arreta natural bat ez eskaintzea al da Udalon funtzioa? Udalak ez al dira herritarrenak? Ez al dute eurek aukeratzen lau urtero zeinek eta nola kudeatuko diren Udala eta herria? Epai honek, hizkuntza eskubideetatik harago, galdera ugari sorrarazten ditu. Eta, esango nuke, aurretik planteaturiko galdera askoren aurka doala.

Zure Udalean egunerokoan euskara da nagusi? Kexarik jaso duzue horregatik? Zenbat?

Udalean euskaraz lan egiten dugu, eta gure lehen arreta euskaraz izaten da. Dena den, Udalari egindako eskari baten aurrean erantzuna gaztelaniaz jaso nahi duenak bermatua du hala jasotzea. Hau da, egun legez ezarria dagoen hizkuntza eskubide oro errespetatzen da. Euskara lehenesten dela esaten denean, ez gara esaten ari gaztelania baztertzen dela. Eta, era berean, gaztelaniazko arreta bermatzeak ez luke euskara baztertzea, desagerraraztea, ekarri behar.

Ekiteko garaia dela azpimarratu da UEMAk deituta zapatuan egindako elkarretaratzeetan Besteak beste, botere legegileari lege babes sendoagoa eskatu diote. Ezinbesteko jotzen duzu?

Zalantzarik gabe. 118 udalerri gaude UEMA barruan, eta elkarrekin indarra egiteko garaia da. Gainera epai honek UEMAn ez dauden udalerriei ere eragiten die (UEMAn egoteko biztanleriaren %70 euskalduna izan behar da). Euskalduntze lanetan buru-belarri ari diren Udal guztiei eragiten die epaiak, eta pentsa horientzako ere zer nolako kolpea izan daitekeen. Esan moduan, epai honek atzera pausoak eragin ditzake, eta, gure ustez, hori ez da bateragarria hizkuntza eskubideekin. Herritarren eskubideak daude erdigunean. Lege babes sendoagoa behar du euskarak. Urrats sendoagoak eman behar lituzke, esaterako, Eusko Legebiltzarrak.

Hautetsi eta euskaltzaleen konpromiso pertsonala ere eskatu dituzte. Buru zaren udalean jarraituko duzue herritarren hizkuntza eskubideak defendatzen eta euskararen normalizazioaren mesedetan?

Gure lehen hizkuntza euskara da eta euskaldunok euskaraz artatuak izateko eskubidea dugu. Horren alde lanean jardungo dugu. Indarrak batu beharko ditugu dagokion tokian presioa egin eta gure eskubideak errespetatuak izan daitezen. Lehen esan moduan, herritarrengandik gertu egotea da Udalon zeregina, eta, gure herrian, Oñatin, herritarrengandik gertu egotea, besteak beste, euskaraz jardutea da.

Herritarrei zein mezu helaraziko zenieke?

Epai hau ez datorrela udalen aurka soilik, euskaldunon aurkakoa dela orokorrean eta bakoitzak bere tokitik era bateratuan erantzun behar diogula epai honi. Aurretik ere, bestelako ekintzekin eta bestelako testuinguruetan, izan ditugula euskararen kontrako neurriak, frankismo garaian, esaterako; eta lortu genuela euskara biziraunaraztea eta gaurdaino ekartzea. Guztion konpromisoa behar izan genuen horretarako, eta, orain ere, horrela izango da. Izan ere, zer ginateke gu euskara barik?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak