Dorleta Elkorobarrutia: "Euskararen erabilera lehenesten eta sustatzen jarraituko dugu"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko uzt. 24a, 12:00

Leintz Gatzagako alkate Dorleta Elkorobarrutia.

Leintz Gatzagako Udalean ez dute ezkutatzen Espainiako Auzitegi Gorenaren azken ebazpenak kezka eragin dienik. Dorleta Elkorobarrutia alkateak eman dizkigu xehetasun gehiago.

 

Zein balorazio edo hausnarketa eragiten dizu epai horrek?

Euskaldunoi zuzendutako erasoa da. Beste bat gehiago. Gure hizkuntza jasaten ari den zapalkuntzaren beste adierazle garbi bat da.

Zein helbururekin ebatzi da epai hau zure ustez?

Euskararen normalizaziorako bidea blokeatu nahi dute, gaztelaniaren hegemonia blindatzen jarraitu eta euskaldunok beharko genukeen hizkuntza eskubideen aurka jardun.

Aztertu duzue zertan eragin diezaiokeen Udalaren jardunari?

Udaletxean lan hizkuntza euskara dugu eta zerbitzua ematerakoan euskara lehenesten dugu. Eta guk euskararen erabilera lehenesten eta sustatzen jarraituko dugu. Baina arriskua hor dago: azken ebazpen espainiarra tresna bat izan daiteke gure hizkuntza erabiltzen dugunon aurka egiteko.

Zure Udalean egunerokoan euskara da nagusi? Kexarik jaso duzue horregatik? Zenbat?

Inoiz ez dugu kexarik jaso hizkuntzaren erabilerari dagokionez. Lanean nagusiki euskaraz aritzen gara, herritarrei zuzendutako komunikazioetan euskara lehenesten dugu eta herritar norbanakoari aukeratzen duen hizkuntza bermatzen diogu.

Ekiteko garaia dela azpimarratu da UEMAk deituta zapatuan egindako elkarretaratzeetan Besteak beste, botere legegileari lege babes sendoagoa eskatu diote. Ezinbesteko jotzen duzu?

Garbi dago lege babes sendoagoa behar dugula, jakina. Euskararen erabilera normalizatzeko ezinbestekoa da lege bidea geurea izatea. Lege eskumen guztiak izanda ere agian zaila izango zaigu gure hizkuntzan bizitzeko aukera erreala gauzatzea, baina garbi dagoena hauxe da: legeak gaztelaniaren hegemoniatik arautzen diren bitartean beti izango da ezinezkoa oso-osorik euskaraz bizitzea.

Hautetsi eta euskaltzaleen konpromiso pertsonala ere eskatu dituzte. Gatzagako Udalean jarraituko duzue herritarren hizkuntza eskubideak defendatzen eta euskararen normalizazioaren mesedetan?

Bai, aurrera jo gura dugu. Hemen ez gaude atzera egiteko ezta gure hizkuntzaren aurka egiteko ere.

Herritarrei zein mezu helaraziko zenieke?

Euskaraz zuzentzen jarraitzeko Udalera jotzen dutenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak