Xabier Uriarte: "Orain arte egindako aurrerapausoen kontra dator epaia"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko uzt. 24a, 12:00

Eskoriatzako euskara zinegotzia Xabier Uriarte.

Eskoriatzako Udalean ez dute ezkutatzen Espainiako Auzitegi Gorenaren azken ebazpenak kezka eragin dienik. Euskara zinegotzi Xabier Uriartek eman dizkigu xehetasun gehiago.

Zein balorazio edo hausnarketa eragiten dizu epai horrek?

Beste eragile batzuk bezala, gu ere kezkatuta gaude, euskararen normalizazioan oztopo bat gehiago delako epai hau. Normalizazioaren bide horretan eman diren pausoak auzitan jartzen ditu.

Zein helbururekin ebatzi da epai hau zure ustez?

Esan bezala, orain arte egindako aurrerapausoen kontra dator epaia. Erakundeetan eta administrazioan euskararen erabilera oztopatzea dauka helburu; izan ere, euskara bigarren mailako hizkuntza izatera bultzatzen du.

Aztertu duzue zertan eragin diezaiokeen Udalaren jardunari?

Aztertzen ari gara. Printzipioz, euskarak lehentasunezko hizkuntza izateari uzten dio. Baina aurretik ere kontrako bidea egin behar izan dugu euskararen normalizazioan, eta, orain ere konpromisoa argi dugunez, lege markoak ematen dituen aukerak baliatuko ditugu euskaraz jardun ahal izateko.

Eskoriatzako Udalean egunerokoan euskara da nagusi? Kexarik jaso duzue horregatik? Zenbat?

Eskoriatzako Udalean euskara da nagusi bai. Herritarrek eskubidea dute euskaraz artatuak izateko. Horrek ez du suposatzen beste inor baztertzen denik. Zentzu horretan ez dugu kexarik jasotzen.

Ekiteko garaia dela azpimarratu da UEMAk deituta zapatuan egindako elkarretaratzeetan. Besteak beste, botere legegileari lege babes sendoagoa eskatu diote. Ezinbesteko jotzen duzu?

Beharrezkoa da bai. Euskal erakundeek, eta batez ere Legebiltzarrak, gure eskuetan dagoena egin beharko genuke botere judizialaren oldarraldiari aurre egiteko. Lanean jarraitu beharko dugu, eta euskaldunok indarrak batzea ezinbestekoa izango da.

Hautetsi eta euskaltzaleen konpromiso pertsonala ere eskatu dituzte. Buru zaren udalean jarraituko duzue herritarren hizkuntza eskubideak defendatzen eta euskararen normalizazioaren mesedetan?

Norabide horretan lanean jarraituko dugu bai: batetik, herritarren hizkuntza eskubideak bermatu behar ditugulako Udaletik; eta, bestetik, euskarak bizi duen egoera ikusita, beharrezkoa ikusten dugulako lan horretan buru belarri jarraitzea.

Herritarrei zein mezu helaraziko zenieke?

Aurreko erantzunari segida emanez, Udala bere esku dagoena egitera konprometitzen da, baina euskarak egunerokotasunean bizirik jarraitu dezan, hori baino gehiago behar da. Herritarren inplikazioa ezinbestekoa izango da Eskoriatzan euskaraz bizi ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak