Zein balorazio edo hausnarketa eragiten dizu epai horrek?
Epaiak kezka handia sortzen digu. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiak atzerapauso kezkagarria dakar euskararen normalizazioan, eta agerian uzten du erakundeek euskararen alde hartzen dituzten neurriak sistematikoki auzitan jartzen direla.
Zein helbururekin ebatzi da epai hau zure ustez?
Epaiaren helburua argia da: euskarari erakundeetan eta administrazioan leku propioa aitortzeko egindako urratsak geldiaraztea. Euskara hizkuntza ofiziala da, baina horrek ez du praktikan benetako berdintasunik bermatzen.
Euskara ofiziala izan arren, epaiak ulertaraztera eramaten du, euskarak ez duela baliorik erdara makulu ez baldin badu.
Aztertu duzue zertan eragin diezaiokeen Udalaren jardunari?
Sakonago aztertu beharko da, baina gure jardunaren oinarria beti izango da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta horretarako modu bakarra Udal jardunean Euskarak behar duen tokia izatea da.
Zure Udalean egunerokoan euskara da nagusi? Kexarik jaso duzue horregatik? Zenbat?
Bai, Bergarako Udalean eguneroko jardunean euskara da nagusi, eta hala izan dadin egiten dugu lan. Euskaraz lan egitea ez da inor baztertzea, herritarrei euskaraz artatzeko eskubidea aitortzea baizik.
Ekiteko garaia dela azpimarratu da UEMAk deituta zapatuan egindako elkarretaratzeetan. Besteak beste, botere legegileari lege babes sendoagoa eskatu diote. Ezinbesteko jotzen duzu?
Bai, ezinbestekoa da. Botere judizialaren oldarraldiaren aurrean, Legebiltzarrak euskararen aldeko neurriak babesteko konpromiso sendoa erakutsi behar du.
Hautetsi eta euskaltzaleen konpromiso pertsonala ere eskatu dituzte. Buru zaren udalean jarraituko duzue herritarren hizkuntza eskubideak defendatzen eta euskararen normalizazioaren mesedetan?
Bai. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea ez da aukera bat, betebehar demokratikoa baizik. Udalean lanean dihardugunon konpromiso pertsonala eta kolektiboa indartsua da.
Herritarrei zein mezu helaraziko zenieke?
Gure herrian euskarak bizirik jarraitzeko, guztion inplikazioa beharrezkoa da. Epaien aurrean ez gara makurtuko eta Bergaran euskarak leku propioa izango du. Udalean lanean jarraituko dugu euskararen alde, eta herritarrei dei egiten diegu euren egunerokoan euskaraz bizitzen jarraitzeko.