Zein balorazio edo hausnarketa eragiten dizu epai horrek?
Kezka ikaragarria da. Euskararen etorkizuna jokoan jartzen du epaiak. Hizkuntza ofizial bat ez bada instituzio eta administrazio publikoan jakin behar ba galduta gaude. Non gelditzen dira euskaldunon eskubideak?
Zein helbururekin ebatzi da epai hau zure ustez?
Nik uste garbi dagoela. Eskuin muturreko espainiarrek garbi dute hizkuntza dela nazio baten ezaugarri garrantzitsuena eta horregatik egiten dute euskararen aurka, euskal nazioaren aurka daudelako. Tamalez, iruditzen zait euskaldunok ez daukagula hain garbi.
Aztertu duzue zertan eragin diezaiokeen Udalaren jardunari?
Egia esan ez, jaietan ere egon gara eta ez dugu sakon aztertzerik izan.
Zure Udalean egunerokoan euskara da nagusi? Kexarik jaso duzue horregatik? Zenbat?
Bai. Egunerokoan euskaraz aritzen gara eta Whatsapp kanala ere euskara hutsean daukagu. Kexaren bat entzun dugu, baina oraingoz ez dugu aldatzerik pentsatu. Sententzia honek egoera aldatzen duen arren.
Ekiteko garaia dela azpimarratu da UEMAk deituta zapatuan egindako elkarretaratzeetan Besteak beste, botere legegileari lege babes sendoagoa eskatu diote. Ezinbesteko jotzen duzu?
Noski hori da bide bakarra, Galizian eta Katalunian ez da hau gertatzen, lege sendoagoak dituztelako, nik uste hau ezinbestekoa eta lehenbailehen egin beharrekoa dela.
Hautetsi eta euskaltzaleen konpromiso pertsonala ere eskatu dituzte. Buru zaren udalean jarraituko duzue herritarren hizkuntza eskubideak defendatzen eta euskararen normalizazioaren mesedetan?
Noski baietz, beti trabak jartzen ari dira baina guk aurrera egingo dugu, ez dago beste biderik.
Herritarrei zein mezu helaraziko zenieke?
Nik uste herritarrok kontzientzia hartu behar dugula. Guk ez badugu euskaraz egiten euskarak eta gure herriak ez dute etorkizunik.